G. M. ZUBIARRAIN
2016KO KOLEGIO BERRIA, «HOBETO IKASI

Derrigorrezko bigarren hezkuntza hankaz gora jarri duen erreforma

«Oinarrizko jakintzak, hobeto irakatsi, gaitasun berrietan hezi eta behar ezberdinetara egokitzeko antolaketa malgua izan» behar dituelako, kolegioetan erreforma sakona agindu du frantses Hezkunde Nazionalak. Talde txikiagoetan aritzea lehenetsi dute eta irakaskuntza molde berriak sartzea. Buruaren eta laneskuaren arteko banaketan sakondu da, baina.

Euskara ikasgaiaren estatusak bereganatu zituen hasieran arreta guztiak. Azaroan zalantza hori uxaturik –euskarak ikasgai izaten jarraituko du hala erabakitzen duten ikastetxeetan–, irailean indarrean sartuko den kolegioen erreformak dakartzan erroko aldaketek hartu dute gaina eztabaidan, arloz arloko aldaketak aurkezteko Hezkunde Nazionalak urtarril-otsailean antolatu dituen formakuntza ikastaroetan. Hona gako nagusiak:

Ziklo berrantolaketa. Egungo lau urteko zikloa zatitzea da aldaketetan lehena. Zikloka, urtez urteko kiribilean, antolatzen dira programak. 6. mailak (11-12 urte) eskolako azken bi urteekin (CM1-CM2) 3. zikloa –kontsolidazioa helburu duena– osatuko du; kolegioko azken hiru urteek –5., 4. eta 3. mailek– 4. zikloa osatuko dute, sakontzearena. Horrek egun ikastetxe ezberdinetan, eta beraz, aparteko dinamikan, dabiltzan irakasleak, eskoletakoak eta kolegiokoak, elkarren artean gehiago koordinatzera behartuko ditu, materia partekatuko dutelako.

Konpetentziak oinarri. Curriculumaren orubea, «oinarri komuna» deritzona, edukien ordez konpetentziak ardatz izanez egituratu ko da aurrerantzean. Konpetentzietan lehena «pentsatzeko eta komunikatzeko hizkuntzak» dira, eta horren baitan lau azpiatal bereizten dira: frantsesa, tokiko hizkuntza edo atzerrikoa, matematika hizkuntza, eta arte hizkuntza. Hizkuntza mota horiek guztiak ulertu eta erabiltzeko gaitasuna erdiestea da helburua. Beste lau konpetentziak honakoak dira: «ikasteko metodoak», «pertsonaren eta herritarraren heziketa», «natur sistemak eta sistema teknikoak», eta azkenik, «munduaren irudikapenak eta giza jarduna». Zortzi denera.

Horrekin batera, halabeharrez, programen izaera birdefinitu da: «egin daitekeenaren adibidetzat» hartzeko eskatu dute ikuskatzaileek, eta ez, egun bezala, irakatsi beharreko «minimo edo maximo» bezala. Ikaslearen ahaletara egokitzeko askatasuna aitortzen da horrela.

Noten ordez lau ohar. Ikasle bakoitzarentzat zortzi konpetentzia horien menderatze maila baloratu beharko dute 2016tik aitzina irakasleek, horretarako lau item erabilita: «gutxiegi», «ahula», «egokia» eta «oso egokia». Noten ordez ohar horiek jasoko dituzte, hortaz, ikasleek ebaluazio-fitxetan.

Brebeta, lizeo batzuetan ikasleak hautatzeko erabiltzen duten proba, pasatzen jarraitu beharko dute 3. mailakoek (14-15 urte), baina puntuazioa aldatu egin da: zortzi konpetentzien menderatze mailak brebetaren 700 puntuetatik 400 ekarriko ditu, eta gainerako 300 puntuak hiru probaren bidez lortuko dira (idatzizko bana hizkuntzetan, eta zientzietan, ahozko bat).

Abstrakzioa baino praktikoa. Programetan egindako aldaketei so, abstrakziotik urrundu eta edukiei zentzu praktikoa ematea lehenetsi dela igartzen da. Argi ikusten da hori matematikako programa berrian. Propietateen menderatzea lausotu eta estatistikari, probabilitateari eta programazioari –6.etik hasiko dira– ematen zaie garrantzia. Praktikotasun hori bilatuz, «porrota gutxitu eta ikasleen gehiengoaren beharretara egokitu» nahi du ministerioak. Agerikoa da enpresa munduaren eragina horretan.

Praktikotasuna ageri da, baita erreformak sortutako ikasgai berrietan ere: Gaiarteko Ikasgai Praktikoak (GIP). Gai horiek «edukiak beste era batera erakusteko» bidea izatea dute asmo. Ohiko ikasgai guztiek utzi beharko dizkiete orduak, ikasleek, kolegioaren hautuaren arabera, astean bi edo hiru GIP ordu izan ditzaten. Esperientzia konkretuak antolatu beharko dira zortzi arlotan.

Hor dago koska. Pedagogo batzu ek salatzen dute praktikotasunerako joera hori abstrakzioaren, alegia, pentsatzeko gaitasunaren, kaltetan egiten dela eta horrek klase sozialen birsortzea dakarrela. Estatuko goi kargudunen sehasketan, Eskola Handietan alegia, asko lantzen dute abstrakziorako konpetentzia. Derrigorrezko hezkuntza, berriz, hortik aldentzen ari da.