Maider IANTZI
ETORKINEI ONGIETORRIA

EUSKAL HERRIAK BILTZEN DITUEN 120 AMA HIZKUNTZETAN KONTU-KANTARI

METRO KARRATU GUTITAN SEKULAKO ALTXORRA PILATU ZEN ATZO DONOSTIA 2016 GUNEAN. BANAIZ BAGARA ELKARTEAK, EUSKAL PEN KLUBAK ETA DSS2016K SUSTATUTA, HAINBAT JATORRITAKO EUSKALDUNAK ELKARTU ZIREN. EUSKARA ZUBI ETA ABESTIAK ABIAPUNTU, BIZIPEN ETA ISTORIO EDERRAK PARTEKATU ZITUZTEN.

Euskal Herrian 120 ama hizkuntza bizi dira elkarren ondoan, etorkinek ekarri duten aberastasunari esker. Banaiz Bagara Elkarteak, Euskal Pen Klubak eta Donostia 2016k aniztasun hori ospatu zuten atzo, Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Egunean, eta euskara hizkuntza horien guztien zubi izan dadila aldarrikatu zuten. Horretarako lanean ari da Banaiz Bagara.

Donostia 2016 Gunean, Easo kalean, aulkiak baztertu eta zutik jarri ziren hainbat kulturatako lagunak. Atea zabalik utzi zuten, eguzkia eta paseatzen zebilen jendea sartzeko. “Ikusi mendizaleak” abesten hasi ziren, berotzeko. Lehenengo momentutik sumatzen zen gogoa eta indarra. Ekitaldira batu ziren Donostiako Kantu Jirako kideak eta Banaiga Band, giro ederra jarriz.

Petra Elser Banaiz Bagarako zuzendariak gidatutako saioan, gurean ditugun ama hizkuntzetako hainbatetan kantatzeko aukera izan zen, baita istorio, proiektu, jai eta kontu gehiago partekatzeko ere.

Azerbaijango udaberri jaia

Kantu liburuxkak banatu zituzten, jatorrizko letrekin ez ezik, itzulpenekin ere. Hala, “Trapu Zaharrak” euskaldunarekin batera, “This land is your land” ingelesa, “Trink, trink, Brüderlein trink” alemana eta “Sa-mi canti cobzar” errumaniarra abestu zituzten guztiek elkarrekin. Momentu oso eder eta hunkigarriak izan ziren. Indartsuak ere bai.

Abesti batetik bertzerako tartean lagun bat jartzen zen jendez osatutako biribilaren erdian eta bere herriko konturen bat kontatzen zuen. Lehenbizi bere hizkuntzan egiten zituen hitz batzuk eta gero batez ere euskaraz eta gaztelaniaz ere bai pixka bat. Adibidez, Tarana Karim Azerbaijaneko emakumeak, gizarte ekintzailea, irakaslea eta itzultzailea bera, bertako jai garrantzitsu baten berri eman zuen. Udaberriari ongietorria emateko besta da eta martxoaren 20an ospatzen dute.

«Familia eta lagunak elkartzen gara, Gabonetan bezala. Goxoki bereziak ditugu, fruitu lehorrak ere bai eta belar berria ikusten da etxe eta kaleetan, bizi berriaren sinbolo». Agertu zuenez, dauden lekuan daudela, bizi diren lekuan bizi direla, ospatzen dute besta hori.

Proiektua Malirekin

Kala Kone ere euskaraz hasi zen. Kostatzen zitzaion, bi urte soilik baitira Malitik Euskal Herrira etorri zela. Halere, irribarre zabalarekin segitzen zuen. Inguruan denak begira, lagundu nahian. «Ongi etorri, mutiko!» animatu zuen emakume batek.

Maliko karate selekzioko kidea da Kala. Bera Bera klubarekin batera karateko materiala bildu eta bere herriko haurrei emateko proiektu solidarioa martxan jarri duela esplikatu zuen, eskularru bat erakutsiz. Informazio gehiagorako eta laguntzeko, hona esteka: Clubbudokan.com/noticias/proyecto-solidario-bera-bera-mali/.

Banaiga Band taldeko akordeoilaria da Julian errumaniarra. Kontatu zuen herri ttiki batean jaioa dela eta bertan biztanleen ia %100 musikariak direla. «Txikitatik sartu digute musika bihotzean. Dena esaten dugu musikaren bidez. Duela 10 urte iritsi nintzen Donostiara. Ez nuen gelditzeko asmorik, baina hemengo jendea eta musikari dioten errespetua ikusirik, hala erabaki nuen».

Erantsi zuen seme-alabak ikastolara joaten direla eta orain familia osoa euskalduna sentitzen dela. Txalo zaparrada batekin eskertu zion jendeak.

Taldeko danbor-jolea, berriz, Bake da, orain dela bost urtetik Zizurkilen bizi den senegaldarra. «Gustura nabil –adierazi zuen irribarretsu–. Senegalgo herri txiki batetik etorri naiz. Mandinkera da nire ama hizkuntza; wolofa da, ordea, Senegal osoan hitz egiten dena».

Bat galdu, bertzea irabazi

Mandinkeratik danierara igaroz, Allan daniarrak hartu zuen hitza. Donostian bizi da, bertan gelditzeko asmoa du berak ere eta ume ttikiak izateak ama hizkuntzaren garrantziaz pentsatzera eraman du. «Ama hizkuntza galtzearen arriskua ulertu dut –erran zuen–. Nire seme-alabek agian daniera galduko dute, baina euskara irabazi».

Danimarka herri ttikia izan arren, dialekto ezberdinak dituztela ere kontatu zuen, Euskal Herrian gertatzen den bezala. Kopenhageko hizkera gogorra eta landa eremuko bareagoa erakutsi zituen, nola ez, zerbezari buruz solas eginez.

Arabiera eta nepalera ere aditu ziren. Mahendra Errenteriako nepaldarra ere dialekto ezberdinetan mintzatu zen. Eta Tolosan bizi den arabiarrak bere hizkuntzan hitz egin eta «bueno, ulertu duzue» bota zuen txantxetan, jendearen harridura aurpegiei so. Alfabetoaren ezaugarriak azaldu zituen gero. Ondoan bizi garenok elkar ezagutzeko ariketa ederra izan zen.