GARA
BILBO

Euskomer-ek Merkataritza sektorearen ordenamendua beharrezko ikusten du

Euskomerrek ez du «arrazoizko» ikusten salgune handiak eraikitzeko «erabateko askatasuna» izatea, eta sektorearen ordenamendua eskatu dio Lakuari. Merkataritza arloko salmentak %2,6 igo ziren iaz.

Aurreikusitako «aukerak bete ez baziren ere, merkataritza sektoreko salmentak sendotu egin ziren iaz, %2,6 igoz», adierazi zuen atzo 76 elkarte sektorial eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 18.000 enpresa eta autonomo batzen dituen Euskomer konfederazioak Bilbon egindako agerraldian.

Jon Andoni Aspuru Euskomerreko presidenteak, Pedro Campo Cecobiko buruak eta Iñaki Martinez Peñalba Gipuzkoako Merkataritza Federazioko arduradunak emandako datuen arabera, enpleguak hazkunde txikia izan zuen –%0,8 handizkako merkataritzan eta %0,2 txikizkarian– eta saltokien kopuruak behera egin zuen, %0,6.

Salmentek hobetzen jarraituko dutela espero badute ere, merkataritza «aldaketetara moldatu» behar dela esan zuten «bizirik iraun nahi badu».

Dituzten aurreikuspenen arabera, barne eskaera eta inbertsioa izango dira «ekonomiaren motorrak» aurten.

Agerraldian, Auzitegi Gorenak azaleraren mugak baztertuta Donostiako Garbera saltoki-gunea handitzeko aukera eman izanaz ere aritu ziren. Mota honetako erabakiek egungo merkataritza egituraketan izango duten eraginagatik kezka agertu zuten.

Hori dela eta, «hausnarketa sakona» beharrezkotzat jotzen dute eta «merkataritza oreka babesteko» instituzioekin batera lanerako prest agertu dira.

Salgune handiak ezartzeko muga multzo bat jasoko duen araua eskatu diote Lakuari, egun «erabateko askatasuna» dagoelako; «hori ez da arrazoizkoa. Ez da askatasuna ez izatea, ordena izatea baizik».

Beste sektoreetan bezala, honetan ere ordenamendua izan behar dela nabarmendu zuten. «Ezin da izan sektore guztietan ordenamendua izatea eta Merkataritzakoan, deus ez», adierazi zuten.