Jon LEUNDA
Aizkora

Otaño eta Mindegia apusturako prest

Beizamakoa eta Zubietakoa bihar eguerdian Donezteben neurtuko dira.

Ikusmin ikaragarria piztu du bihar eguerdian, 12.00etan, Doneztebeko Ezkurra pilotalekuan Mieltxo Mindegiak eta Eneko Otañok jokatuko duten apustuak. Aizkolari bakoitzak hamabi kana-erdiko eta lau 60 ontzako erdibitu beharko ditu. Zortzi kana-erdiko Otañok plazaratuko ditu, eta Mindegiak, berriz, lau kana-erdikoak eta 60 ontzakoak. Alde bakoitzak 3.000 euro jokatzen ditu dirutan.

Zaleak hau ikusteko gogoz eta ilusioz daude. Otaño oraindik oso gaztea da, baina behetik gora indarrean datorren aizkolari gazte horietakoa da Beizamakoa. Mindegiak, berriz, 35 urte baditu, baina aizkoran berandu hasitakoa da, nahiz eta Miel Mindegiaren semea izan.

Bi aizkolarientzat bigarren apustua izango da hau. Otañok galdu egin zuen Larrañagaren aurka jokatutakoa, eta Mindegiak, berriz, orain dela sei urte jokatu zuen, baina binaka izan zen, eta bere osaba Hilariok eta biek irabazi egin zuten norgehiagoka hura. Hala ere, oraingoan bakarka aritu beharko du, eta gauzak erabat aldatuko dira.

Aizkolariek oso ongi prestatuta daudela diote. «Oso ongi nago. Larrañagaren aurkakoan baino hobeto ikusten dut orain neure burua», dio Enekok. «Prestatzeko nahiko denbora izan dut, eta ustez oso ongi nago», dio, aldiz, Mieltxok.

Mindegia izan zen desafioa bota zuena, eta horren zergatiak ere aipatu zituen. «Iaz Euskal Herriko Bigarren Mailako kanporaketan ikaragarri sufritu nuen, eta garbi neukan hau serio hartu edo utzi egin behar nuela. Kiloak ere soberan nituela ikusten nuen, eta zaintzen hasi nintzen. Urtarrilaren hasieran 13 kilo galdu nituen, eta neure burua askoz ere hobeto ikusten nuen. Orduan apustu bat egitea erabaki nuen, gipuzkoar bati bota nahi nion, eta nora bota ikusten ari nintzela, Otañori botatzea erabaki nuen. Oso gaztea da, baina aizkolari bikaina da, eta jendea ere erakartzen duen horietakoa. Berak onartu zuen, eta orain jokatzera», dio Miel Mindegiaren semeak.

Enborrak erdibana plazaratu behar dituzte, baina bietako inori ez dio kezkarik sortzen besteak nolako enborrak eraman behar dituen. «Klase guztietako enborrekin aritu naiz, eta egia esan, gogorrekin gehiago jardun dut bigunekin baino, etxean horiexek baitzeuden», dio Enekok. «Berdin zait, denetatik probatu dut, era guztietakoekin aritu naiz entrenatzen, eta ez dit horrek kezkarik sortzen», dio, berriz, Mieltxok.

Bientzat da bigarren apustua, nahiz eta amaiera ezberdina izan zuten aurrekoek. Apustu batek bestearekin zerikusirik ez zuen izan. «Oso urduri jardun nintzen orduan. Oraingoan, ustez lasai nago, eta etxean egindakoa egin nahi dut, behintzat», esan du Otañok. «Apustu harekin plazaratu nintzen aurreneko aldiz. Nire osabak eta biok lagunartean egin genuen, eta irabazi. Horren amaieran, ordea, berriro aizkora utzi nuen. Gerora itzuli naiz berriro. Hau ezberdina da zentzu guztietan. Bakarkako apustu hau bizi nahi nuen. Aurreko prestakuntza, eguna bera, apustu bat bakarrik bizi nahi nuen, eta hori ere izan da apustua egiteko beste arrazoietako bat», esan du Mindegiak. Bi aizkolariek ere bihar eguerdian alboan zein laguntzaile eramango duten erabaki dute. Miel eta Hilario Mindegia, aita eta osaba, izango ditu laguntzaile Mieltxo Mindegiak, eta Floren Nazabal eta Arkaitz Jauregi Eneko Otañok.

Zabala eta Garmendia, Zizurkilen

Doneztebekoa ez da izango bihar jokatuko den apustu bakarra, Zizurkilen dagoen zalditegian, 12.30ean hasita, Iban Zabala eta Joakin Garmendia neurtuko dira. Aurrenekoak 17 urte ditu, eta bigarrenak, berriz, 70. Bakoitzak lau kana-erdiko erdibitu beharko ditu, eta enborrak Zabalak plazaratuko ditu. Jokoan, berriz, alde bakoitzak 1.000 euro jartzen ditu. «Orain dela hilabete pare bat egin genuen. Beraiek jokatuko zutela, eta ni ere prest nengoen eta aurrera», dio Joakin Garmendiak. Hala ere, abantaila handi samarra eman ote dion errezeloa dauka. «Adinean alde handia daukagu, eta enborrak ere berak eraman behar ditu. Agian abantaila handi samarra eman diot, baina niri saltsa gustatzen zait, eta konforme nago egindakoarekin», erantsi zuen anoetarrak. J.L.