GARA
DONOSTIA

Presio fiskala handitzeko beharra nabarmendu du ELAk

Hego Euskal Herriko instituzioek zerga politika aldatu behar dutela uste du ELA sindikatuak, justizia sozialaren bidean urratsak egiteko. Presio fiskala handitzeko beharra nabarmentzen du, iruzurraren kontra eginez eta zergen ordainketa bidezkoa eta aberastasunaren araberakoa izan dadila bermatuz.

Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak eta Mikel Noval Gizarte Politiken arduradunak Hego Euskal Herriko fiskalitateari eta aurrekontuei buruzko txostena aurkeztu zuten atzo, Bilbon. Ondorio nagusi gisa, zerga politika aldatu eta presio fiskala handitzeko beharra nabarmendu zituzten.

Izan ere, ondoko grafikoan ikus daitekeenez, EAEn zerga hitzartuen bidezko presio fiskala 2008ko balioen azpitik dago; BPGaren %18,3n, 0,1 puntu gutxiago hain zuzen. Zentzu horretan, txostenak azken urtean gertatutako aldaketa bat nabarmentzen du; hain zuzen, BEZa dela diru gehien biltzen duen zerga (BPGaren %7,2), PFEZaren laneko errenten gainetik.

Sozietateen gaineko zergak kontrako bilakaera daramala nabarmentzen du sindikatuak. 2015ean BPGaren %1,5 bildu du; hau da, 0,2 puntu gutxiago aurreko urtaldiaren aldean eta 0,9 gutxiago 2008aren aldean. «Bilakaera horrek agerian jartzen du nola bilakatu den fiskalitatea: hots, zeharkako zergak nabarmen handitu dira, laneko errentendako karga handitu da, eta zerga murrizketa enpresentzat», adierazi du.

Nafarroako zerga hitzartuen presio fiskalari dagokionez, BPGaren %17 izan da 2015ean; hau da, ekonomiak Nafarroan eragindako 100 euro bakoitzetik 17 euro zerga hitzartuen diru-bilketara bideratu direla.

Grafikoak adierazten duenenez, azken urtean presio fiskala 0,6 igo da eta, 2008tik hona ia puntu bat. ELAk azaldutakoaren arabera, presio fiskala handitu izana zeharkako zergei zor zaie, azken urtean 0,3 puntutan igo baitute presio fiskala, BPGaren %8,9ra arte; hau da, 2008an baino 2,1 puntu gehiago. Zuzeneko zergen presio fiskala, bestalde, BPGaren %8 izan da; hau da, 2014an baino 0,3 puntu gutxiago, eta 2008an baino puntu bat gutxiago. Txostenak aipamen berezia egiten du Nafarroako aldaketaren gobernuak aurkeztutako erreformaren harira, nahikoa ez dela azpimarratzeko.

Irakurketa zabalago batean, Hego Euskal Herriko presio fiskala BPGaren %31,4 dela aipatzen du txostenak (2014ko datuen arabera). Europar Batasuneko datuarekin alderatuz –ezagutzen den azkena 2012koa da–, Hego Euskal Herriarekiko aldea BPGaren 8,9 puntuko da, 2012an presio fiskal osoa %30,5 izan baitzen eta, EBko presio fiskala, aldiz %39,4.

Alde horri erreparatuta, 2012an, Hego Euskal Herriko presio fiskala EBko batez bestekoaren adinakoa izan balitz, zerga bilketa 7.578,9 milioi euro gehiagokoa izango zen.