Jon LEUNDA
PILOTA

Bielle eta Ducassou, iragarpenak betetzeko prest 

Etxegarairen eta Lazkanoren aurka neurtuko dira gaur ilunabarrean Senperen.Pasa den astean jokatu behar zuten, baina Ducassou gaixorik jarri zen.

Bielle eta Ducassou Etxegarairen eta Lazkanoren aurka neurtuko dira gaur iluntzean, Senpereko trinketean, 19.00etan. Berezkoen Binakako Txapelketako bigarren finalerdia izango da hau. Berez, pasa den larunbatean jokatu behar zuten, baina Ducassou tripetako arazoekin zegoen, eta ezin izan zuen parte hartu, eta Federazioak gaurko atzeratzea erabaki zuen.

Biellek eta Ducassouk osatutakoa da, dudarik gabe, finalerdi hauetara sasoirik onenean iritsi den bikotea. Behetik gora egin dute, hasiera ez baitzuten oso ona izan. Gero gorantz egin, ordea, eta lehen fasea aurrena amaitu dute.

Ikusi beharko da orain, ea pasa den asteko gaixoaldiak Ducassourengan eraginik izan duen edo ez. Hilabete baten buruan, Superprestigioko eta Buruz Buruko finalak galdu zituen, eta orain Binakakoa irabazi nahi du. Biellek ere aurrean primeran laguntzen dio. Hasieran zalantzak sortu bazituzten ere, gero txapela lortzeko faborito nagusi bihurtu dira.

Etxegarai eta Lazkano, berriz, Bigarren Mailan onenak izan dira lehen fase honetan. Ondorioz, Lehen Mailako laugarrenaren aurka kanporaketa aurreko bat jokatzeko aukera izan zuten, eta hori irabaziz, finalerdietarako txartela lortu zuten. Gaurko, ordea, apustuak oso kontra izango dituzte, nahiz eta diruak ez duen irabazi edo galtzen. Dena dela, finalerako txartela lortuko balute, orain arte aurten eman den ezusterik handiena izango litzateke. Waltari eta Bilbao dira jadanik finalerako sailkatuta daudenak.

Bigarren Mailakoa

Bigarren Mailan, berriz, etzi jokatuko da, 17.00etan, Binakako finala. Lanbertek eta Ezkurrak Intxausperen eta Amuleten aurka jokatuko dute. Lehen bikotea irabazteko faboritoa da. Aurreneko fasea Lehen Mailan jokatuta datoz, finalerdietan sartzeko kanporaketa aurrekoa galdu egin zuten. Horrek zalantzak sortu zituen euren inguruan, baina maila bat beheragoko finalerdia irabazi egin zuten.