GARA
LEKORNE

Crystal Fighters, Muguruza eta Willis Drumond EHZ jaialdian

Euskal Herria Zuzenean festibalak atzo jakinarazi zituen aurtengo izen nagusiak: Crystal Fighters, Fermin Muguruza eta Willis Drumond.

Iaz hartu zuen bihurgune artistikoa «arrakastatsua» izan zela erran zuten atzo egindako prentsa agerraldian antolatzaileek eta «EHZ luzera begira pentsatzeko parada».

Burujabetza izanen da Lekornen uztailaren 1etik 3ra 21. edizioa izango duen festibalaren ardatza hurrengo urteetan. «Burujabe, zapalkuntzarik gabeko Euskal Herri aske bat amesten dugulako. Burujabe, askapen soziala ardatz: sorkuntzarako, gogoetarako eta ekintza sozialerako gunea da EHZ», adierazi zuten.

Kartela

Crystal Fighters euskal sustraidun talde britainiarra da aurtengo edizioko kartelean nabarmentzen den izena. 2013. urtean Zugarramurdiko kobazuloan egindako kontzertuarekin mundu guztiaren ahotan izan ziren “Cave Rave” euren bigarren diskoa argitaratu ondotik. Elektronika eta folka uztartuz, proposamen dantzagarria da aurtengo EHZko talde nagusia.

Euskal Herriko eszenan ondo ezagunak diren beste hainbat proposamen ere ez dira faltako aurtengo hitzorduan. Fermin Muguruzak, adibidez, bere ibilbidea markatu duten kantuak berriz bisitatuko ditu, hori bai, kutsu beltza emanez, horretarako antolatu duen New Orleans Basque Orkestra lagun duela.

Lekorne bertakoa den talde batek ere emango du zeresana: Willis Drummond berriz ere eszenatokian ikusteko parada eskainiko du EHZk. 2014ko azaroan agur esan zutenetik agerraldi puntualak egin dituzte eta, beste albisterik ezean, horietako bat izango da EHZkoa –festibalaren kanta ere egindakoak dira 2013an–. Belakoren post-punk freskoak, Eskean Kristö, Niña Coyote eta Chico Tornado eta El_Txef_A artistek osatzen dute, besteak beste, oraingoz ezagutzen dugun egitaraua.

Hain ezagunak izan ez arren, publikoa harritzeko gaitasuna izango duten beste hainbat musikari ere programatuko dira aurten, talde berrientzako erakusleiho izateko jarreran ere festibal handien alternatiba direla erakutsiz.

Eztabaida guneak

Musikaz gain, eztabaida-gunea ere izango du Euskal Herria Zuzenean festibalak. Antolatzaileek iragarri dutenez, aurten Notre-Dame-des-Landeseko ZAD komunal erresistentea nola antolatu duten aurkeztera etorriko dira hango zenbait lagun.

Hori guztia eta gehiago, sarrera merkatuta: hiru eguneko bonuak 50 euroko prezioa izango du 2016ko edizioan aurrez erosiz gero.

«Jendarte ideala» sortzeko helburuarekin lan egiten duen musika jaialdiak bertaratu nahi duenari gauzak erraztu nahi dizkio horren bidez.