GARA
IRUÑEA

«Nafarroan aldaketa euskaratik abiatzea» eskatuko du Kontseiluak

Iragan astean Kontseiluak egin zuen batzar nagusian adostu zenez, «Nafarroan aldaketa euskaratik eman dadin bultzatzea» izango du 2016rako eginkizun nagusietakoa.

Ildo horretan, manifestazioa deitu du Kontseiluak ekainaren 4rako Iruñean “Bide eman euskarari, euskaraz bizi nahi dugu” lelopean, atzo Paul Bilbaok jakitera eman zuenez.

«Mobilizazioarekin, euskarari bide eman behar zaiola neurri ausartak hartuz aldarrikatuko da. Baita euskarari bide eman behar zaiola, justiziazkoa delako, oreka soziala bermatzeko beharrezkoa delako, ere. Eta noski, euskaraz bizi nahi dugun herritarrok euskarari bide ematen diogula ere adieraziko da manifestazioan», esan zuten.

Ekainaren 4ko manifestazioa ez da ekimen bakana izango. Bilbaok gogorarazi zuenez, azken urteotan euskararen kontrako erasoei aurre egiteko lan asko egin baita.

Horrekin batera, 2015ean, Nafarroa aldaketaren atarian zela, hizkuntza-politika berria garatzeko dokumentua helarazi zien Kontseiluak alderdiei eta apirilaren 25ean Iruñeko Anaitasuna kiroldegia bete zuten «herri gogo indartsua dagoela irudikatzeko».

Orain, Kontseiluak «indar-erakustaldi berri bat egiteko beharra ikusi» duela nabarmendu zuen Bilbaok. Euskararen lege murriztailea aldatzeko Nafarroako Gobernuaren baitan desadostasuna sortu dela gogoratu zuen. Horretaz gain, dagoeneko beste neurriak martxan egon zitezkeela gaineratu zuen, Nafarroakoa administrazioa euskalduntzeko plangintza adibide gisa aipatuta.