Estibalitz EZKERRA
Literatur kritikaria

Sailak (I)

F rantziako unibertsitate entzutetsu batean ingeles literatura eta hizkuntza sailean irakasle dabilen bat kexu zen duela gutxi konferentzia batean, bere ikasleek irlandar eta ingeles idazleen artean bereizteko gai ez direlako. Yeats, Wilde, Joyce, Beckett… denak ala denak ingelesak iruditzen zaizkie. Irlandako literatura ingeles sailaren barruan irakasteak ikasleen nahasmenean zerikusirik baduela azaldu zuen, baita ingelesez idatzitako literatura irlanderaz idatzitakoaren gainetik lehenesteak ere. Azken hori zeharka aipatu ohi dute Irlandatik kanpo irakasten dabiltzan gehienek, aipatzera iristen badira. Ingeles sailen defendatzaileek diote hizkuntzari eta ez nazioari garrantzia ematen diotelako direla ingeles sailak Irlandako literaturaren etxe “naturala”. Irlandan ingelesa hizkuntza ofizial izatea, ordea, ez da kontu “naturala” eta bai, badu nazioarekin zerikusia. Ingalaterraren jarduera kolonial eta inperialistengatik ez balitz, hainbat herrialdek, Irlanda barne, ez lirateke gaur egun ingelesez mintzatuko eta haien literaturak ez lirateke ingeles sailen barruan irakatsiak izango, beti ere ingeles nazioaren orbitaren barruan.

Irlandatik kanpo, salbuespen gutxi batzuk kenduta, Irlandako literaturan aditua izatea ez da nahikoa. Konferentziako irakaslea bera XVIII. eta XIX. mendeko Irlandako literaturan da aditua, baina bere tesian Ingalaterra ere sartu behar izan zuen eta horri esker lortu zuen lana. Herrialde independentea izan arren, oraindik ere Ingalaterraren itzalean bizi da Irlanda.