Jon GARMENDIA
Idazlea

Adibidez

Zuberotarrentzat manexak dira Nafarroa Behereko herritarrak, prefosta, zuberotarrak ez diren euskaldun guztiak dira manexak, ardi latxak bailiran, buruzuri, gorri edo beltz izan. Oroitu nintzen halatsu mintzo zirela aitañi-amañi eta amama-attattak. Aitatxi-amatxi anitzek zuberotarrei buruz mintzo zirela ohartarazteko «u» bat «ü» bilakatzen zutela, amona-aitonek Zuberoa toki malenkoniatsu idilikoa zela aitortzen zuten denbora bertsuan; hori bai, oporretarako zen ederra, ez bertan bizitzeko, amestokietatik urrunegi balego bezala.

Donibane Lohizunekoentzat Hendaia ez zen Lapurdiko herri, «nortasunik gabeko mugako herria» baizik, eta Uztaritzekoentzat Donibane Lohizune «kosta» baino ez zen, turistena, Baigorrikoentzat bezala.

Irungoak ez zekien Gipuzkoa sorlekua zuen edo herrialde horren hastapen mutur zen; iparraldekoak frantsesak, eta hegoaldekoak espainolak. Irundik Donostiara eta handik Hernanira, gero Bizkaiko edozein puntura eta Arabara, Nafarroa Garairaino zenbat adibide halako.

Ondokoa ondokoari beha, ezezagutzak urruneko bilakatu arte.

Mugak bereizitako herria baino denborarekin mugak guhaurrek eraiki ditugula ohartu nintzen atzo lagunarteko hizketaldi batean, urrun eta hurbil izatea gure esku dagoela, deseraikuntzarako aroa irekitzea bezala, Sarara asteburupasa maizago etorriaz eta Karrantzara maizago joanaz. Adibidez.