Jon LEUNDA
Entrevista
MANIX MANDIOLA
TUDELANO TALDEKO ENTRENATZAILEA

«Arlo guztietan taldeak egin duen lana ikaragarria izan da»

Tudelano Bigarren B Mailan mantentzeko helburuarekin eta aginduarekin iritsi zen orain dela bi denboraldi Manix Mandiola Tuterara. Gauzak oker zihoazen, eta entrenatzaile berria eramatea erabaki zuten. Bada, asmoak ederki bete zituen. Gainera, pasa den denboraldian Bigarren Mailarako igoera fasea jokatzeko sailkatzetik gertu geratu zen. Aurten amets hori egia bihurtu du.

Manix Mandiola oso gustura dago Tudelano taldean. Nafarrek jadanik segurtatu dute Bigarren Mailarako igoera fasea jokatzeko txartela. Entrenatzaile eibartarra orain dela bi urte iritsi zen Tuterara, taldeak Bigarren B Mailari eustea helburu. Bada, bi urte geroago, Bigarren Mailara igotzeko aukera paregabea dauka Tudelanok. Nafarroako bigarren talderik garrantzitsuenean denak zoratzen daude.

 

Helburua beteta?

Bai, oraindik Liga ez da amaitu, eta gu Bigarren Mailarako igoera fasea jokatzeko sailkatuta gaude. Baina, esan bezala, hau oraindik ez da amaitu eta Liga bukatu arte lehiatzen jarraitu behar dugu. Agian orain arte gutxiago jokatu dutenek izan dezakete jokatzeko aukera, baina zenbat eta gorago geratu hobeto.

 

Lehen postua lortzea posible ikusten duzu ?

Ez da erraza, gure esku dagoen gauza ez baita. Guk ez dugu hutsik egin behar, eta, Ferrolek, berriz, bai. Ez da batere lan samurra izango, baina, esan bezala, guk lehiatzen jarraitu behar dugu igoera fasera ahalik eta ongien iristeko, eta fase horretan aritzeko zenbat eta gorago geratu hobeto. Lehen postua eskuratuz gero, primeran, baina oso zaila izango da.

 

Hau guztia nola bizi du Tuterako jendeak?

Hemen ez dago futbolerako ikaragarrizko afiziorik, baina garbi dago egoera berri honek, hau guztia berria baita beraientzat, itxaropena eta ilusioa piztu dituela hirian. Azkeneko partidan, esaterako, normalean izaten dugun jende kopurua bikoiztu egin genuen, eta hemendik aurrera pentsatzen dut gehitzen joango dela.

 

Kanpotik begiratuta ematen duen bezain multzo gogorra izan al da zuena?

Hemen hiriburuetako talde asko zeuden; gehienak, gainera, izena dutenak. Garbi dago multzoa zaila izan dela, baina izenak bakarrik ez du ezertxo egiten. Askoz ere gauza gehiago behar dira, eta, ongi lehiatu dugunez, ustez faborito ziren beste talde batzuei aurre hartzeko gai izan gara, eta orain amets egiteko aukera ere izango dugu. Santander zen denentzat faborito, baina gure parean dabil.

Hamar partida golik hartu gabe egotea zerbaiten seinale bada, ezta?

Dudarik gabe, hor talde oso baten lana dago. Denok batera egiten dugu lan, ez da atzealdearen lana bakarrik, gainerako guztiena ere bada. Esaten ari naiz aurkariek ez dakitela gure atezaina ona edo txarra den, eta horrek ia aukerarik ez digutela egiten esan nahi du. Taldeak sekulako lana egin du, baina zentzu guztietan. Orain horretaz gozatzeko aukera daukagu, eta saiatuko gara Bigarren Mailara igotzen, nahiz eta amets gehiegi egitea ez den ona izaten, bestela, ametsa ez bada gauzatzen, hartzen den kolpea handiagoa izaten delako.

 

Nola ikusten dituzu zuen aurkariak izan daitezkeen beste multzoetako taldeak?

Nik pentsatzen dut gure multzoan bezala pasatuko dela. Hor izen asko duten talde ugari agertzen dira, orain dela oso gutxi Lehen Mailan aritutakoak asko, baina egun dirua ez dago lehen bezala, eta pentsatzen dut igoera fasea jokatzen dugun taldeen artean ez dela aparteko alderik egongo. Nire ustez amaieran gauza txikiek erabakiko dituzte kanporaketak. 

Naiz eta zure multzoan ez egon, nola ikusten dituzu Barakaldo, Real Union eta Sestao?

Harritu nauena Barakaldo izan da. Baina ikaragarrizko denboraldia egiten ari da, eta, beraz, zerbaitegatik dago dagoen lekuan. Azkeneko bi partidak galdu egin ditu, baina zortzi eguneko kontua izan da. Dena dela, igoera fasea jokatzeko moduan izango da. Real Unionek ere jokatuko duela seguru nago. Iaz ere jokatu zuen, eta aurten ere hor izan behar du; irundarrek oso talde ona daukatela uste dut. Sestaok zailagoa dauka, baina azken urte hauetan hor dabil, eta pentsatzen dut aurten ere aukera izan dezakeela. Ez dakit aspaldian horrenbeste euskal talde egon garen igoera fasea jokatzeko moduan. 

 

Zein talde izango zenituzke gustura aurkari igoera fasean?

Azkenean tokatzen zaigunarekin jokatu beharko dugu, baina garbi dago kanporaketa horietan aurrera egiteaz gain, zelaia betetzea ere komeni dela, bai zaleen babesa behar delako, bai dirua ere uzten duelako horrek. Garbi dago horretarako Hercules, Cadiz edota Murtzia bezalako taldeak oso erakargarriak direla. Orain dela gutxi egon dira Lehen Mailan, eta uste dut denoi gustatuko litzaizkigukeen taldeak direla. Villarreal B edo Sevilla B bezalako taldeak, berriz, ez nituzke nahi. Izenik ez daukate, baina, aldiz, sekulako taldeak dira. Hori bai, azkenean tokatzen zaigunarekin jokatu beharko dugu.

 

Ze irizten diozu zure Eibarrek Lehen Mailan egindako lanari?

Bost jardunaldiren faltan 41 puntu izatea eta jada Lehen Mailari eutsi izana itzela da. Dena dela, badaramatza bost urte oso on, eta hori ez da kasualitatea: lana ongi egiten ari diren seinale da. Iaz bigarren itzulia egin zuen oso ahula, baina hori ere normaltasunaren barruan sartu behar da. Eibar bezalako talde bat hor goian egotea ikaragarria da.