GARA
IRUÑEA

Bost lagun atxilotu dituzte Iruñean ikasle grebako istiluen harira

Nafarroan Gobernu espainolak duen Ordezkaritzak berri eman zuenez, bost pertsona atxilotu zituen atzo Polizia espainolak Iruñean. Lau gizon eta emakume bat dira atxilotuak, horietako hiru adingabeak. Epailearen aurrean deklaratu ostean aske utzi zituzten.

Martxoaren 17an hezkuntza sistema propio baten alde hiriburu nafarrean egin zen manifestazioaren ondoren izan ziren istiluetan parte hartzea eta «desordena publikoa» leporatzen diete. Greba egunean bertan beste lau adingabe atxilotu zituen Poliziak. Gobernu Ordezkaritzak dio atzoko atxilotuen artean Udaltzaingoaren furgoneta bati eraso egin zioten gazteak daudela.

Aurrekariak

Martxoak 17an ikastetxe eta unibertsitateek egin zuten greba orokorrean hezkuntza sistema propio bat aldarrikatu zuten Euskal Herriko txoko desberdinetan. LOMCEren Donostian egin zen manifestazioa arazorik gabe egin ahal izan zuten, eta Baionan eta Bilbon ere prestatuta zuten egitarauarekin aurrera egin ahal izan zuten. Gasteizen eta Iruñean, ordea, istiluak izan ziren.

Gasteizko campusean Ertzaintzak protesta egiten ari ziren dozenaka ikasle atxiki zituen. Istiluak hiriaren erdigunera zabaldu ziren, eta, eguerdian, manifestazioaren ondoren, Ertzaintza ikasleen aurka oldartu zen. Poliziek hainbat karga egin zituzten gazteen aurka San Prudentzio kalean eta zaurituak ere izan ziren.

Iruñean, berriz, manifestazioaren ostean Poliziak gomazko pilotak jaurti zituen eta gazteek sakabanatu beharra izan zuten; orduan atxilotu zituzten aipatutako lau adingabeak.

Udaletxe Plazan agerraldia egin zuten atzo arratsaldean, hau dena salatzeko asmoz.