Jon LEUNDA
PILOTA

Waltarik eta Bilbaok iragarpenak bete dituzte

Galtzen hasi arren, gero jaun eta jabe izan ziren Berezkoen Binakako finalean.

WALTARI-BILBAO 40

BIELLE-DUCASSOU 23


Itzuli da Waltaririk onena. Hiru urte pasatu ditu txapelik lortu gabe, eta atzo Binakakoan jantzi zuen, Bilbao lagun zuela. Lesio larria izan du sorbaldan, baina garbi dago hori erabat gainditu eta ahaztu duela, eta atzo berak markatu zituen finaleko ezberdintasunak. Bilbaok ere ongi lagundu zion atzean.

Finalerdietako norgehiagokak ikusi ostean, Waltari eta Bilbao atera ziren finaleko faborito. Modernen dirua euren alde atera zen nabarmen, eta ez zuten hutsik egin. Bielle eta Ducassou lehen kintzetan bakarrik aritu ziren aurretik, 0-3 egon baitziren, baina hortik aurrera faboritoak izan ziren nagusi. Aurrena partida berdindu zuten eta ondoren zuloa zabaltzen joan ziren faboritoak, eta partida erdirako finala ia erabakita zegoen.

Bielle eta Ducassou saiatu ziren, baina ezin izan zuten. Ducassouk neurketa ona egin zuen, baina aurrean ez zuen izan behar bezalako laguntzarik. Gainera, aurrean Agusti Waltari zegoen eta sekulako mina egin zuen. Kubako aurrelariak beti izan du sake zitala, eta atzokoan 14 sartu  zituen horrela. Ia erdiak egin zituen lehen jokaldiari esker, eta horrekin garbi utzi zuen berriro ere bere une onenera itzulita dagoela. 

Aurrean erabat nagusitu zen, eta Biellek ez zuen izan inongo aukerarik. Konfiantza handiarekin aritu zen, eta atzean Bilbao ere ongi aritu zen amerikarrari lagunduz, nahiz eta une askotan zaila izan Ducassouri aurre egitea. Hala, faboritoek merezitako txapela jantzi zuten.

Aurtengoan Ducassouri okertu zaio denboraldia. Atzokoa hirugarren finala zuen, baina Superprestigioa galdu egin zuen, baita Buruz Burukoa ere, eta atzo Binakakoan ere ezin izan zen gailendu. Hiruretan finalean izan da, eta segur aski bera izango da egungo onena, baina aurtengo denboraldian txapelek ihes egiten diote. Orain Masterra geratzen zaio, baina horretarako uztailaren amaierara arte itxaron beharko du. Binakakoa ez zuten ongi hasi, baina gerora oso ongi aritu ziren irabazteko faborito bihurtuz, baina une garrantzitsuenean behera egin dute. Waltarik eta Bilbaok, berriz, maila itzela eman dute lehiaketa osoan zehar.