GARA
DONOSTIA

Urgullpeko Gazteen auzo baratzea desegin dute

Iragan asteburuan ekin zieten Donostiako Parte Zaharreko Urgullpeko Gazteek, EzDuguNon ekimenaren baitan, Trinitate plazan auzo baratzea prestatzeko lanei, baina atzo goizean udaltzaingoak eta garbiketa-zerbitzuko langileek gazteek egindakoa desegin zuten.

Lau egunez belar txarrak garbitu, zaborra jaso, eta lurra prestatu dute, auzolanean auzotarrentzat gune bat sortzea baitzuten helburu.

Arratsaldean batzarra egin zuten Trinitate plazan bertan, gertatutakoa salatu eta aurrerantzean emango dituzten pausoak adosteko, asmoa bere horretan mantendu baitute. Sare sozialen bidez azaldu zutenez, Ertzaintzak batzarrean parte hartzen ari ziren hainbat gazte identifikatu zituen.