Maider IANTZI
DONOSTIA

Eragin Linguistikoaren Ebaluazioaren (ELE) oraina eta geroa aztertuko dute

Orio eta Lekaroz aitzindari izaten ari dira, lurralde antolakuntzak eta hirigintzak hizkuntzan duten eragina neurtzeko, ELE Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa tresna erabilgarria dela frogatzean. Herri gehiago ere hasi dira bidea egiten, edo hastekotan dira. EAEko Udal Legeak betebehar gisa jasotzen du Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa (ELE) baliatzea. “Lurraldea eta hizkuntza. Oraina eta geroa” Gipuzkoako Foru Aldundiaren, UEMAren, Kontseiluaren eta UEUren hirugarren jardunaldian ELEren oraina eta geroa aztertuko dute. Maiatzaren 12an izanen da, Donostiako EHUren Carlos Santamaria zentroan.

2014an, jardunaldiaren lehen edizioan, jaio zen ELE, eta hirugarren ekitaldirako, balio legala du erremintak. Hiru urtetako lanak ondarea utzi duela-eta kontent dira. Jada egin dira eragin linguistikoa ebaluatzeko lehen saioak. «Gaia dagoeneko euskal agendan dago, Lekarozko Aroztegia lekuko», agertu zuen Mikel Irizar Aldundiko Hizkuntza Berdintasunerako zuzendariak atzoko prentsaurrekoan.

Josu Labaka UEMAko zuzendariak erran bezala, orain erronka handi bat dute: hau guztia jendeari azaltzea. Jardunaldiak xede horri erantzunen dio, baita, Iñaki Alegria UEUko zuzendariak iragarri zuenez, martxan jarriko duten graduondokoak ere. Jardunaldian ELEren esperientzia zehatzak aurkeztu, balizko kalteak apaltzeko neurri zuzentzaileei buruz hausnartu eta tresnaren txertaketa legala aztertuko dute. www.ueu.eus-en dago informazio guztia.