«Crakmuch » Donibane Lohizuneko arrantzontzia hondoratu egin da

Capbretongo fosan, lehorretik 10 miliara legatza arrantzatzen ari zela, hondoratu zen herenegun “Crakmuch ” Donibane Lohizuneko itsasontzia. Nonbait kroskoa zulatu ostean ubide handia sortu zen eta «istant batean ontziak albo batera egin» zuela adierazi du patroiak. Inguruan arrantzan zebilen “Troubadour” ontziak abisua jaso eta berehala sorospen-txaluparekin bertaratu ziren. Hiru marinelak onik atera zituzten, baina ontzia erabat hondoratu zen. “Crakmuch ” ontziko 47 urteko patroia lur jota zegoen. Izan ere, joan den urrian erosi zuen ontzia eta bere jabegoko lehena zuen.