Idoia ERASO
BAIONA

Baionako Elikagai Bankuak janari gehiago bildu zuen iaz

Baionako Elikagaien Bankuak joan den urteko balantzea egin du urteko biltzar nagusian, eta 2015eko bilketa %17 handitu bazen ere, norbanakoen donazioak %8 egin du behera. Igoera handiena Estatu frantsesak janaria ez xahutzeko egindako legearen ondorio izan da.

Iaz Estatutik eta Europako erakundeek (-%25) eta norbanakoek (-%8) emandako janari kopuruak behera egin badu ere, 883.000 tona bildu zituzten Baiona-Euskal Herria Elikagaien Bankuan, hau da 2014an baino %17a gehiago. Igoera ahalbidetu duena saltoki handiek emandako 440.000 tonak (+%39) eta nekazaritza-elikagai industriak emandako 185.000 tonak (+%32) izan dira.

Gobernu frantsesak Trantsizio Energetikorako Legearen baitan 400 metro koadrotik gorako dendei jakiak botatzeko ezarritako debekua uztailaren 1ean abian jarriko bada ere, iaz batzuk ematen hasi ziren jadanik. Eta uda honetan, legea indarrean jarritakoan, igoera handiagoa izanen dela espero dute. «Horrela gehiago banatu ahal izango dugu», baieztatu zuen François Ribeton Baionako Elikagaien Bankuko presidenteak.

Nekazaritza-elikagai industriari dagokion igoera Errusiak Europako produktuei egin zien enbargoaren ondorioa da, eta soberan zen janaria bota beharrean Elikagaien Bankuari eman zion.

Norbanakoengandik jasotako elikagaien kopuruak behera egin duenez, ekainaren 11n ezohiko bilketa egingo dute Baiona, Angelu eta Biarritzeko lau supermerkatutan.

Onuradunak berdin

«Urtero onuradun gutxiago izatea espero dugu, baina gero eta gehiago dira», adierazi zuen Ribetonek. Iaz bi elkarte gehiagok jaso zuten Bankuak bildutako janaria. Horietako bat Baionan asilo eskaera egin duten paperik gabeko pertsonekin lan egiten duen Bestearekin elkartea da.

Gaur egun 5.300 pertsonak jasotzen dute laguntza, Lapurdi, Nafarroa Behere eta Landetako hegoaldean dauden 30 elkarteren bitartez. Eta 30 boluntariok egiten dute lan Elikagaien Bankuan urte osoan zehar.

Sukaldaritza tailerrak ere antolatu dituzte, onuradunek egiteko ohitura ez duten janariak egiten ikas dezaten sukaldari ezagunekin. Hilabetean behin egiten dituzte Baionan, eta inguruko herrietan ere egin nahi dituzte etorkizunean.