GARA
DONOSTIA

Ekipamendu publikoak pribatizatzearen kontrako parodia Donostiako kaian

Hiriko ekipamenduek erabilera komunitariorako izan behar dutela aldarrikatu zuten antzezlan eta manifestu baten bidez. Ertzaintzak hainbat gazte identifikatu zituen, baimenik gabe bilera egiteagatik.

Gazte batzuen ekimenez, egun osoko egitaraua gauzatu zuten Donostiako kaian igandean, inguru hori auzotarrena eta donostiar guztiena dela aldarrikatzeko eta ez «Donostiaren erdigunean aparkaleku bat izan nahi duten gutxi horiena». Hala, kaiko eremua erabilera komunitariokoa izatea nahi dute.

Hasteko, parodia bat egin zuten euren aldarrikapena umorez jantziz. Eneko Goia alkatearen papera egiten zuenak argi utzi zuen, ironiaz, gazteek adierazi nahi zutena: «Badirudi Kortxoenea itxiz eman nahi izan genuen mezua ez dutela ulertu. Gauzak ezin dira nahi duzulako egin. Kultura sortu, ekimen berriak... baina Udalarekin batera, baldintzak bete egin behar dira. Kultura bai, baina kulturak beti muga bat izan behar du. Eta barazkiak nahi izanez gero, ez erabili leku publiko bat, hiria zikinduz turismoa joan egingo delako. Erabili zuen teilatua, zuen txoko bat, eta bertan egin, denok egiten dugun bezala», aipatu zuen gaztetxearen husteari eta Uliako Lore-baratzeak proiektuari erreferentzia eginez.

Ondoren irakurri zuten manifestuan hau zioten: «Arrantzarako itsasontzi handiei erraztasunak jarri eta arrantzale txiki, nekazari eta abeltzain txikiei oztopoak jartzen dizkiete, eta instalazio handiak dituztenei laguntzak eman. Hori bai, gero, museoetan eta 2016ko egitarauan arrantza tradizionalari buruzko erakusketak aurkituko ditugu. Baina guk ez dugu nahi museoetan bukatu», salatu zuten.

Hitz horiek esaten ari zirela, Ertzaintzaren sei furgoneta iritsi ziren eta “Mozal legea” baliatuta gazte batzuk identifikatu zituzten baimenik gabe bilera egiteagatik. 2012az geroztik itxita dagoen Arrantzale Kofradian zeuden herritarrak eraikinetik jaitsi eta prestatutako egitarauarekin jarraitu ahal izan zuten.