GARA
HOCKEYA

Reala Ligako Lauko Finala jokatzeko sailkatu da; Jolasetak ez du inolako aukerarik izan

Reala Belar Hockey Ligako titulua jokoan ipiniko duen Lauko Finalean izango da. Final-laurdenak asteburuan jokatu dira eta txuri-urdinek nagusitasunez menderatu dute Club Egara, Donostian jokatutako bi neurketak irabazita. Larunbatean 2-0 nagusitu ziren aurreneko deman, eta atzo emaitza 5-2koa izan zen bigarrenean.

Larunbatekoa neurketa itxia eta lehia handikoa izan bazen ere –Realak laugarren amaitu zuen liga erregularra eta kataluniarrek bosgarren–, atzokoan alde handiagoarekin irabazi zuten Xabier Gorrotxategik entrenatzen dituen neskek, norgehiagoka askoz irekiagoa eta aukera gehiagokoa izan zela baliatuz, nahiz eta Egara izan zen markagailuan aurreratu zena.

Realak emaitzari buelta ematea lortu zuen lehen laurdenean Nereba Belzunegi eta Patricia Marañak sartutako golei esker, baina kanpotarrek ez zuten amore eman eta binako berdinketa lortu zuten. Partida erotzen hasita zela, Jenny Siemer izan zen donostiarren hirugarrena egin zuena, atsedenaldira 3-2koarekin heltzeko.

Emaitza alde zuela, Realak ederki asmatu zuen neurketa bideratzen, aurkariari oso aukera gutxi emanez eta bereak aprobetxatuz. Hala, partidaren azken minutuetan, Patri Maraña eta Julene Sanchez izan ziren 5-2koa itxi zutenak.

Jolasetak Complutense indartsuaren aurka –liga erregularra lehen postuan amaitu duen taldea– 10-1 eta 4-1 galdu zituen bi partidak. Complutense bera da Realaren aurkaria finalerdian.