GARA
BILBO

Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian 300 lagun daude etxerik eta laguntzarik gabe

Vecindad Vasca Sin Fronteras bazterketaren kontra lan egiteko sortu den kolektibo berria da. Salatu duenez, 300 pertsona bizi dira EAEn etxerik eta laguntzarik gabe. «Sistemak jendartearen parte izateko eskubidea ukatzen die. Ez dira bere interesekoak. Traba egiten dute».

Vecindad Vasca Sin Fronteras kolektibo berriak ohartarazi duenez, 300 pertsona bizi dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan laguntza publikoak jasotzeko eskubiderik gabe. Azaldu duenez, horien artean dago Trapagaraneko industria-nabe batean bizi den bikotea, Veronicak eta Jose Ignaciok osatua.

Elkartearen arabera, hauek Gallartan zuten etxetik kaleratu zituzten hipoteka bat exekutatuz eta laguntzarik gabe biziraun beharrean daude orain, ez baitaude inon erroldatuta. Industria-nabe batean topatu dute aterpea eta Trapagaraneko bizilagunen elkartasunari esker bizi dira.

Vecindad Vasca Sin Fronteras elkarteak agertu du gisa horretako 300 kasu gehiago daudela EAEn. «Sistemak uko egiten die, nahiz eta ezagunak izan eta Lakuako Gobernuaren erroldan egon». «Traban sentitzen dira bere miseriak estaltzen saiatzen den gizarte honetan, euskal gizartearen irudi onaren mantelean garbitzeko zaila den orban bat direlako», erantsi du.

Pertsona hauek guztiak erroldatzeaz gain, elikagaiak eskuratzeko txartel bat ematea aldarrikatu du, jendearen elkartasunik gabe jan ahal izateko.