Nagore BELASTEGI
DONOSTIA

Ekologistek Belartza-2 ingurua babesteko manifestua sinatu dute

Egiten ari diren obrak legez kanpokoak direla defendatzen dute eta horren erantzulea Donostiako Udala dela uste dute. Era berean, Unanue aisialdiko landa parkearen barruan sartzea eskatzen dute, uste dutelako eremu honek ere baduela nahikoa balio natural, paisajistiko eta nekazaritzarako potentziala.

Gipuzkoako talde ekologista guztiek manifestua aurkeztu zuten atzo Belartzako harrobiko ingurunea babesteko asmoz. Izan ere, azken asteetan salatu izan dute bertan egiten ari diren obrak –ustez supermerkatu bat egiteko– legez kanpokoak direla baina erantzukizuna ez da sustatzailearena, Donostiako Udalarena baizik, ez duelako inolako kontrolik ezarri. Honek, aldiz, dio ez dagoela ilegaltasunik eta salaketak «interesatuak» direla.

Izan ere, bertan eraikitzeko Plan Partziala 2009an onartu zuten eta ekologisten esanetan orduan ez zegoen Ingurumen Inpaktuaren Ebaluazio bat egiteko derrigortasunik. Orain, ordea, edozein obra burutzeko ingurua aztertzea beharrezkoa da.

Belartzan gertatu dena da harrobian zeuden materialak alboan dagoen eremu batera eraman dituztela. Berez harrobiko obrekin ez dago arazorik: «uste dugu baimenak dituztela», baieztatu zuen Xabier Rubio bozeramaileak. Material horiek eraman dituzten lekua, ordea, «balio natural, paisajistiko eta nekazaritza potentziala duen eremu bat» da. Ekologisten arabera, material metaketa hori Belartza-2 industrialdea sortzeko bidean «lehen pausoa» da.

Horren balio ekologikoa neurtze aldera, talde ekologistek hainbat ikerketa egin dituzte eta frogatu dute bertan desagertzeko arriskuan dauden animalia batzuk bizi direla. Horregatik, eskatzen dute alboan dagoen Unanue naturgunearekin, aisialdiko landa parkea dena, bat egitea Belartzari ere babesa eman ahal izateko. Udalarekin izandako bileretan hori egitea posiblea dela esan diete, baina borondate falta ikusten dute.