GARA
AMURRIO

Kultur sorkuntza eta transmisioa, eragileen begietatik

Euskal kultur sorkuntzaren transmisio eta komunikazioaren gaineko Jalgi topaketak burutzen ari dira egunotan Amurrion. Atzokoan, arlo horretan diharduten eragileek hartu zuten hitza.

Ostiralean komunikazioan diharduten profesionalak izan ziren Jalgi jardunaldiek eskainitako abagunetik sektorearen egoeraz eta sumatzen dituzten gabezia eta indarguneez aritu zirenak eta, atzoko saioan, transmisioaren bidea jorratzen duten eragile eta adituek hartu zuten hitza. Goizean zehar, ReforAmurrio enpresaldean AEK, EHU, Bertsozale, Euskal Herriko Antzerkizale Elkarte (Ehaze), Huhezi, Ikastolen Elkarte, Taupaka, Topagune eta UEMAko kideek banan-banan zerrendatu zituzten kultur transmisioaren bidean sumatzen dituzten oztopo eta aukerak. Ikastolen Elkartetik, euskal curriculumaz jardun zen Imanol Igeregi, eta nabarmendu zuenez, «bidezkoa eta zuzena da euskaldunok gure ondarea ezagutzea eta ondorengoei horren transmisioa ziurtatzea, euskaratik hasita».

Literaturaren transmisioa izan zuen hizpide Iratxe Retolazak, eta hura ziurtatzeko hainbat gako ere zerrendatu zituen: «Berrirakurketak iraunarazten ditu bizirik testu literarioak eta literaturgileak, eta transmisio-ekintzek diskurtso, kultur ohitura eta harreman-eredu zenbait sortzen dituzte».

EHUtik, Ismael Manterolak artea inguratzen duen unibertsoan euskarak duen pisua azpimarratu zuen: «Euskal artearen komunitatearen ideia indartsua denez, alde horretatik sendotu beharko genuke. Lehenik eta behin, erakunde publikoetatik babesa, gero ikerketaren alorrean dauden hutsune handiak konpontzen hasi, horrek sare guztiari eragiten diolako: museoak, galeriak... Espainiako edo Frantziako sarean irentsita desagertzeko arriskua baitago». AEKtik, Mertxe Mugikak hitz egin zuen: «Baliabideak behar dira gazteen euskarazko sorkuntza aktibatzeko eta gauzatzeko, aukerak zabaltzeko, sendotzeko eta sortzeko, eta horren erantzukizuna, neurri handi batean, administrazioarena da».

Arratsaldean, mahai-inguru interesgarrian bildu zituen Jalgik transmisioaren bueltan dabiltzan hainbat kide. “Nola bermatu kultur sorkuntzaren transmisioa?” galderari erantzuna bilatzen ahalegindu ziren Andoni Tolosa Morau, Oier Araolaza, Lorea Agirre, Oihane Perea eta Idurre Alonso.