Andoni ARABAOLAZA
LEHIA

Euskal ordezkariak finaletanEuropako Kopako bi lehiatan

Portugalen jokatutakoa blokekoa izan zen eta Eneko Carreterok eta Mikel Linazisorok finalean jardun zuten. Bigarrena, berriz, Austrianizan berri da, baina zailtasunekoa. Hitzordu horretan Linazisoro eta Muriel Ruiz de Larramendi finalera pasatu ziren.

Azken bolada honetan, jubenilen maila ezberdinetako hainbat euskal lehiakidek argi erakutsi dute nazioarteko zirkuituetan lehiatzeko gai direla. Azken urteotan, hemengo harrobian lan ederra egiten ari dira, eta, orain, espero ziren emaitzak jasotzen ari dira. Denbora behar izan da, bai, baina uste dugu itxaroteak merezi izan duela. Adibide argiena Mikel Linazisororena dugu; iaz, Europako Txapelketa irabazi zuen.

Irakurleak jada jakingo duenez, Euskal Mendizale Federazioak antolatutako euskal selekzioak euskal gazte indartsuenei lekua egiten die Espainiako Kopan zein Txapelketan lehiatzeko.

Europako zein Munduko zirkuituetan, aldiz, oraindik ere euskal selekzioak ez du aitortza ofizialik. Horren ondorioz, euskal ordezkari batzuk Fedme-ren selekzioarekin lehiatzeko aukera dute. Eta dagoeneko lehiatu dira.

Aukera horri esker, jakina, euskal gazte horiek eskarmentua hartzen ari dira. Eta, beraz, jabetzen ari dira gure ingurumaritik kanpo dagoen maila izugarri handia dela. Alabaina, hurrengo lerrootako protagonistek argi eta garbi utzi dute aldez aurretik egin den lanak ondorio ezin hobeak izan dituela.

Eta horren guztiaren isla da jokatu diren Europako Kopako lehen bi hitzorduetan euskal gazte batzuk finaletara pasatzeko aukera izan dutela.

Aipatu dugun bezala, erregulartasunaren zirkuituan bi proba jokatu dira; biak ala biak maiatzean. Lehena, Portugalekoa, blokekoa izan da. Austriako bigarrena, aldiz, zailtasunekoa. Ez da podiumik lortu, baina hiru euskal lehiakidek finaletan jardun dute: Eneko Carreterok, Muriel Ruiz de Larramendik eta Mikel Linazisorok.

Azpimarratu beharra dago ere euskal ordezkari ia gehienek lehen aldia zutela Europako proba batean. Eta, jakina, eite hori kontuan hartzekoa da.

Urrats bikaina

Aipatu dugun bezala, lehen proba Portugaleko Soure hirian jokatu zen; maiatzaren 7 eta 8an. Blokeko proba izan zen eta han, Fedme-ren izenean honako euskal ordezkariak lehiatu ziren: Bittor Esparta junior mailan, Linazisoro eta Ruiz de Larramendi jubenil A mailan eta Carretero eta Andoni Esparta jubenil B mailan.

Emaitza azpimarragarrienak Carreterok eta Linazisorok sinatu zituzten. Zumaiarra oso sasoiko dabil azkenaldion, eta zortzi finalistetatik azkena sailkatu zen. Aipatu dugun bezala, Linazisorok badu eskarmentua Europan, baina, oro har, parte hartu duen lehia gehienak zailtasunekoak izan dira, ez blokekoak. Eta izaera horretako hitzordu bat izateko, bergararra bikain aritu zen; izan ere, finalera bederatzi eskalatzaile pasatu ziren eta Linazisoro zazpigarren sailkatu zen.

Bittor Esparta hamaseigarrena izan zen eta Ruiz de Larramendi hemezortzigarrena. Andoni Esparta finalera pasatzeko gertu geratu zen. Zortzik txartela lortu zuten, eta bilbotarra hamargarren geratu zen.

Bigarren proba maiatzaren azken asteburuan jokatu zen; Imsten (Austria). Hori zailtasunekoa izan zen, eta hor ere hainbat euskal ordezkari lehiatu ziren. Horietatik bi finalean ikusi genituen: Ruiz de Larramendi eta Linazisoro.

Final bakoitzean hamar eskalatzaile lehiatu ziren. Prestatutako bideetan formak eta bolumenak ziren nagusi. Juniorretan, Bittor Esparta hamahirugarren postuan sailkatu zen; finaletik gertu, baina ezin izan zuen azken fasera salto egin. Bere anaiak, Andonik, jubenil B mailan lehiatu, eta 18. postuarekin konformatu behar izan zuen.

Jubenil A mailan, berriz, beste bi euskal ordezkari izan ziren. Linazisoro bosgarren postura igo zen. Eta nesketan, Ruiz de Larramendik bederatzigarrena eskuratu zuen.