GARA
DONOSTIA

EH Bilduk azken hauteskundeetako joera irauliko duela uste du Beitialarrangoitiak

Gipuzkoako EH Bilduko zerrendaburu Marian Beitialarrangoitiak Estatuko lau alderdi handiei leporatu zien herritarren arazo errealei baino arreta handiagoa ipintzen dietela inkestei. «Ez dute proposamenik zehazten, ezta herritarren arazoei konponbidea bilatzeko proposamenak egiten ere», kritikatu zuen prentsa-gosari batean. Gaineratu zuen koalizio independentistak, aldiz, badituela arlo ezberdinen inguruko proposamen zehatzak eta badaukala «herri honentzako proiektu bat». Horregatik, alderdi horiei eskatu zien herritarrentzat eta herri honentzat dituzten proposamenak azaltzea, itxurakerian eta eztabaida antzuetan galduta ibili ordez.

Beitialarrangoitiak nabarmendu zuen pozez eta ilusioz ari dela kanpainaurre honetan lanean, «konturatzen baikara azken hauteskundeetako joera eta bolada txarra amaitu dezakegula». «Behetik gora goazen sentsazioa daukagu», gaineratu zuen, nahiz eta onartu «herritarren artean dagoen jarrera hori, hautetsontzietara eraman» behar dutela orain. «Baina ziur gaude –aipatu zuen– gertatuko dela eta azken hauteskundeetako joera irauliko dugula». Zerrendaburuaren esanetan, «EH Bildun politika herritarren arazoak konpontzeko tresna eta bide bezala ikusten dugu, eta horretarako egiten dugu lan egunero-egunero eta atsedenik gabe».