Jon GARMENDIA
Idazlea

Besteen errana

Frantzia iparreko herri ttipi batean bizi ziren aita-semeak. Gizonak emaztea galdu zuen semea sortzean, eta semeak ama. Abeletxe batean bizi ziren, harresitutako herritik aparte, han murruek zehazten zuten herriaren nolakotasuna, denagandik babestu beharra balego bezala. Behin, galdera zaila pausatu zion semeak: Nola lortzen da zoriona? Aitak, hitzez baino, ekintzez azaldu nahi izan zion, eta hurrengo eguneko goiztirian herrira joan ziren behor zaharrena hartuta, semea gainean eta aita hari tiraka. Herritarrak marmarka topatu zituzten, elkarri belarrira xuxurlatzen, batzuek ahots goran: «Ze errespetu falta! semea osasuntsua izanik aita zaharra nekarazten». Hurrengo egunean gauza bera egin zuten, baina aita behor gainean eta semea oinez. Jendea marmarka: «Ze aita txarra! bera eroso eta semea akiarazten». Hirugarren egunean behorrari ezarri zioten zama, bizkar gaina saskiz beteta, eta herritarrak marmarka: «Behor zahar gizajoa! halako gainkargarekin». Laugarrenean aita-semeek hartu zuten zama eta behorra gibeletik; herritarrak marmarka: «Nola zen posible halako eskasia gauzak alderantziz egiteko!». Aitak, zoriontsu izateko jendeak berari buruz erranen zuenari kasu egin gabe egindakoaz kontent izateko aholkatu zion semeari, zoriona bere baitan zelako inon izatekotan. Munduan, toki anitz dira antzeko istorioa dutenak. Zerbait erran nahi du horrek.