Nerea GOTI
BILBO

Plaza erdira dantzara irteteko ordua da gaur, Igorreko jaietan

Aste barruan jaiek ez dute etenik. Komeni da ez ahaztea igorreztarrak dantza egitera deituta daudela gaur bertan eta ostegunean mozorro eguna izango dutela. Ostiraletik aurrera giroa indarra hartzen joango da, musika proposamen ugarirekin.

San Antonio eguna, jaietako egun handia astelehenarekin dator aurten, eta gainera, lehenengo asteburu indartsu baten ostean. Egitaraua haurrei begirako ekitaldi batekin hasiko da, 11.00etan. Puzgarriak eta egurrezko jolasak izango dituztela iragarri dute. Eskoletan izango dira goizean, 11.00etan hasita eta 13.30era arte, eta arratsaldean, 16.30etik 19.00etara.

Haurren ekitaldiak bukatutakoan, Arantzarte dantza taldeak eta Astrapalea musika eskolak hitzordua dute plazan. Talde biek bat egiten dute ez ohiko banakako emanaldia edota ikuskizuna emateko, baizik eta dantza-plaza saio bat eskaintzeko, jai batzordeak iragarri duenez.

Haurrentzako prestatutako proposamen ugarirekin jarraituko dute jaiek hurrengo egunetan. Bihar bertan umeen karaokea izango da txosnagunean 17.00etan, «bokata txapelketa» barne. Aldi berean, Gobiri kirol klubak Cross Training-a antolatuko du plazan, eta iluntzerako izerdia botatzeko beste aukera bat txosnagunean, zumbaren erritmora.

Herri afaria, mozorrotuta

Gazteen olinpiadak, umeentzako antzerkia eta Astrapalearen musika emanaldia dira asteazkenerako planetako batzuk, egunari eskalada txapelketarekin bukaera emateko, eta osteguna Mozorro Eguna izango da. Mozorrotzeko gaia: «Txoniak eta kaniak» eta afaltzeko, menu paregabea Txikitxotx-en eskutik. Aipatzekoa da ere egun hori Nafarroa Kantu taldearena izango dela, goizean poteoa eta afalosterako plana.

Bigarren ostiralerako, jaien azken txanpan sartzeko, parte hartze handiko tortilla eta pintxo txapelketak gordetzen ditu egitarauak. Arratsaldeak beste proposamen berezi bat dakar, txosnagunetik hasita Undertuck Fest ospatuko dute TheJ.F.s, Los Cosméticos eta Vinagre de Moderna taldeen parte hartzearekin, Lehenengoak txosnagunean arituko dira, bigarrenak herriko kaleetan eta Vinagre de Moderna Kukuma eta Rugby aurrean.

Azken larunbatean, tirolina, ile-apaindegi musikal tailerra eta puzgarriak dira proposamen bereziaren osagaiak. Arratiako Gurutze Gorriak jakitera eman duenez, errefuxiatuen parte-hartzea ere izango da. Igandean pilota jaialdia eta bals txapelketa izango dira.