Jon ORMAZABAL
Entrevista
UNAI LASO
ASEGARCEKO AURRELARIA

«Elektrikoa naizela esango nuke, kantxan beti ausarta izaten saiatzen naiz»

GRAVNI edo DV bezalako txapelketa handietako txapelak jantzi ostean, bihar beteko du iruindarra bainoago Bizkarretakoa sentitzen den aurrelariak debutatzeko ametsa, 19 urterekin. Hala ere, umetatik dabil profesionalen inguruan, Asegarcerekin lehen aurreakordioa 15 urterekin sinatu baitzuen.

Goi mailako debuta izango du bihar Labriten, eta Beroiz lagun duela, Berasaluze eta Larunberen aurka arituko da.

Nola daramatzazu debutaren aurreko egun hauek?

Txikitako ametsa betetzera noa eta alde horretatik oso pozik. Hasieran ez nengoen oso urduri, baina azkenaldian, hainbeste elkarrizketarekin eta hasi naiz urduritzen. Kontua da dena berria dela eta ez zaidala batere gustatzen erantzuten ibiltze hori, eta zuekin, gero idatziz gaizki esandakoak konponduko dituzuelakoan tira, baina telebista eta irratiekin, zuzenean…

Baina oso gaztetatik bizi izan duzu profesionaltasunaren mundu hau, ezta?

Bai, 15 urterekin sinatu nuen aurreakordioa Asegarcerekin eta entrenamenduren bat egin nuen. Gero hurrengo urteetan, 16-17 nituela apenas egin nuen entrenamendurik eurekin, eta azken urtean Urrutikoetxearekin zenbait saio egin ditut eta hor uste dut nabaritu dudala gora egin dudala jokoan, hor ikusi ninduten teknikoek eta hortik etorri da debutatzeko aukera.

Berezia izan behar du txapela jokoan duen pilotariak deitzea berarekin entrenatzeko, ezta?

Oso. Sei edo zazpi entrenamendu egin ditut berarekin eta deitzen zuen momentuan, nahiz eta Bilboraino joan behar izan, klasea edo nuena utzi eta korrika joaten nintzen.

Nola gogoratzen dituzu lehen entrenamendu horiek?

15 urte besterik ez nituen, ume bat baino ez nintzen eta entrenatzerakoan oso txikia ikusten nintzen nahiz eta lehen mailako pilotari izar horiekin ez aritu, baina beti saiatzen nintzen gerra ematen.

Bestela non entrenatu duzu?

Asegarcetik deitzen nindutenean eurekin eta bestela Uharteko klubarekin aritu naiz, edo Federazioarekin. Aitak ere beti asko animatu izan nau eta beti esaten zidan «goazen entrenatzera» berari asko zor diot.

Iruñean jaio baina Bizkarretakoa?

Bai, Iruñean bizi naiz, baina txiki-txikitatik Bizkarretakoa sentitu naiz eta halako elkarrizketetan eta telebistan hangoa naizela esatea nahi izaten dut.

Nolako aurrelaria zarela esango zenuke?

Hitz batean esateko, elektrikoa. Beti ausarta izaten saiatzen naiz, ez naiz kantxan geldirik egoten dakien horietakoa, ahal dudanean jokoan sartzen saiatzen naiz.

Zertan hobetu behar edo zertan aritu zarete bereziki entrenatzen azkenaldian?

Uste dut oraindik denbora behar dudala, pilotara ondo jartzeko, aukeratzen ikasteko… azkenaldian gantxoak eta pilota txokoan uzten denbora asko pasatu dut aitarekin ariketak egiten.

Idolorik edo gustuko pilotaririk?

Betidanik barriolazalea izan naiz, oso tipo elegantea da, bai jokatzen eta bai kantxatik kanpo. Gero, debutatu zuenetik irujozalea ere izan naiz, jokatzeko modu ausartagatik eta nahikoa antzerakoak izan gaitezkeelako agian, eta orain, ezagutu dudanetik, oso urrutikoetxeazalea, honekin ere, sotamanoz eta jotzeko dugun ohituragatik ere izan dezaket antzerako jokorik.

Irribarria 19 urterekin txapeldun; horrek zer sortzen du presioa, ilusioa?

Ez dut uste horrek beldurrik edo presiorik sartu behar didanik. Berak lan asko egin du, hazi egin da, asko entrenatu da eta opari bat izan da berarentzat.

Pilotaz aparte ikasten zabiltza?

Erdi mailako ostalaritza gradu bat egiten ari naiz, baina benetan egin nahi dudana Haur Hezkuntza ikastea da.