Arantxa MANTEROLA
BAIONA

LABek babesa helarazi die La Poste-ko eta Camus kolegioko langileei

Badira hamasei egun Baionako La Posteko langile eta postariak greban direla. Posta banaketako berregituraketa berriak eragin zuen lanuztea ekainaren 6an. 2010etik lan-zama %33 jaitsi dela argudiatuta, zuzendaritzaren egitasmoa da orain arteko 43 banaketa txandetatik 12 kentzea. Langileen sindikatuak ez datoz bat La Postek egiten dituen kalkuluekin. Negoziazioetan ari dira eta atzo akordio bat lortzeko punttuan izan baziren ere, azkenean ez zen adostasunik lortu. Horrenbestez, grebari eutsita, gaur goizean egingo dute beste batzar bat.

LABek «bat egin du langileen aldarrikapenekin eta zuzendaritzak inposatu nahi dien lan berrantolaketa itsua» salatu du. Gainera, gogorarazi du joan den astean Baionako Auzitegiak La Poste enpresa kondenatu zuela greba eskubidea urratzeagatik, grebalarien hutsunea betetzeko behin-behineko langileak kontratatu baitzituen.

Euskarazko adarra

Bestalde, sindikatu abertzaleak sostengua adierazi die Albert Camus kolegioko irakasleei. Joan den ostegunean «blokatze administratiboa» egin zuten, eta greba egitekotan ziren bihar eta etzi, justu azterketa finalak egin behar ziren egunetan. Akademiako Ikuskaritzarekin bilera izan ostean, erantzunaren zain geratu dira eta lanuzte deialdia bertan behera utzi dute momentuz.

Lehen maila elebidunetik datozen ikasleentzat Camus kolegioan ere (2. maila) euskarazko (eta alemaneko) adarra irekitzea eskatzen dute, inguruko ikasleak beste kolegioetara joaten baitira euskaraz ikasten segitzeko.