Arantxa MANTEROLA
baiona

Baimendu egin dute lan erreformaren kontrako Pariseko manifestazioa

Tirabira anitz eragin zituen Barne ministroak sindikatuek gaurko deituriko manifestazioa debekatu izanak. Adierazpen askatasunaren urraketatzat hartu zuten eragile ugarik, baita PSko bertakoek ere. Azkenean, ibilbide laburrarekin bada ere, manifestazioa egingo dute. Hori bai, Cazeneuvek ohartarazi die ez duela «inolako gehiegikeriarik onartuko».

Ekainaren 14ko manifestazioan izandako istilu larrien ondotik, Hollande presidenteak berak aipatu zuen sindikatuek lan erreformaren kontra deituriko manifestazi oak debekatzeko aukera. Hala, «Euro 2016a eta jihadisten mehatxuak direla-eta» Poliziak segurtasuna bermatzerik ez zuela argudiatu zuten, eta sindikatuei gaurko deitutako manifestazioaren ordez elkarretaratze bat egitea proposatuz.

Hori «askoz arriskutsuagoa» izan zitekeelakoan, manifestazio eskubideari eutsi zioten sindikatuek, eta astelehenetik hartu-emanak izan dituzte Pariseko Prefeturako zerbitzuekin ibilbide alternatiboak eta neurri zehatzak planteatzeko. Alta, agintariek ez dituzte ontzat eman eta mobilizazioa debekatu zela jakin zen atzo goizean.

Debekuak erreakzio andana eragin zuen bai ikasle eta langileen sindikatuetan eta bai beste eragile askoren artean: Berdeak, FG, PC, PSko hainbat diputatu, FN (orain hilabete debekatzearen alde agertu bazen ere) eta Nicolas Sarkozy Republicains-en presidentea berak ere kritikatu egin zuten gobernuaren erabakia. Ipar Euskal Herrian, Bizi! mugimenduak ere «demokraziaren aurkako eraso onartezintzat» jo zuen.

Atzo goizean berriro tentsio handiko negoziazioak izan ziren Bernard Cazeneuve Barne ministroaren eta sindikatuen artean eta, azkenean, akordio batera iritsi ziren. Bastillatik atera eta 1,5 km-ko ibilaldia eginez bertan bukatuko da manifestazioa.

Hori bai, ministroak abisu garbia helarazi die sindikatuei, «ez duela inolako bortizkeriarik edota gehiegikeriarik onartuko», alegia. 28ko manifestazioa ere baimendu da, baina zein eratan egingo den zehazteke dago oraindik.