GARA
DONOSTIA

Larriki gaixo dagoen Josetxo Arizkurenen lekualdatzea salatu dute

Etxeratek azaldu duenez, Josetxo Arizkuren, eritasun larria duen preso politikoa, Pontevedrako A Lama espetxetik Murtziakora eraman dute, beste preso batek asistentzia desegokia salatu zuen lekura, hain zuzen. Maialen Zuazo santutxuarra, aldiz, libre gelditu da.

Norabide desberdinetako bi albiste eman zituen atzo Etxeratek. Alde batetik, Maialen Zuazoren askatasunarena, guztira zazpi urteko zigorra beteta. Eta kontrapuntua, Josetxo Arizkuren eritasun larria duen presoaren lekualdatzea, elkarteak azaldu duenez, tratamendu egokia jasotzen zuen kartzela batetik asistentzia txarragatik salaketak egon diren bertze batera.

Lehenbiziko berriarekin hasita, 2012an espetxeratu zuten Maialen Zuazo Santutxuko gaztea, ezarri zioten zazpi urteko zigorraren bigarren zatia betetzeko. Kondena beteta atzo irten zen Villenako espetxetik eta etxera bueltatu zen.

Azken lau urteak eman ditu espetxean jarraian. 2012an espetxeratu aurretik ia urtebete egin zuen kalean, lehen hiru urteko espetxealdia beteta fidantzapean aske utzi baitzuten. Zigorra berretsita berriz espetxeratu zuten eta atzo gelditu zen libre, guztira zazpi urteko espetxealdia egin ostean.

Arizkureni dagokionez, Etxeratek jakinarazi zuenez, atzo eraman zuten kardiopatia iskemiko larria duen iruindarra Pontevedrako A Lamatik Murtziako espetxera. Lekualdatzeetan izaten diren «baldintza txarrak» zein Murtzian dauden beste euskal presoek salatu dituzten asistentzia desegokien aurrekariak direla-eta, kezka handia sortu da senide eta hurbilekoengan, bere osasunean izan ditzakeen ondorioengatik. Zehazki, metastasidun minbizia zuen bertze preso politiko batek bertan jasandako tratu ezegokia salatu zuen bere garaian.

Elkarteak erantsi zuenez, joan den asteburuan Iruñeko presoa bi aldiz ingresatu zuten espetxeko erizaindegian oxigenoa behar zuelako. «Galiziako kartzelan mediku asistentzia egokia jasotzen ari zen», azpimarratu zuen. Bestalde, bere bikotea ere bertan dagoela eta lekualdatze honen ondorioz eskubidez dagozkien bisitak bertan behera geldituko direla kritikatu zuen. Senideek ere Euskal Herritik 800 kilometrora dauden bi espetxetara joan beharko dute.

Sortuk ere kezka agertu zuen Arizkurenen espetxe aldaketagatik, baita Espainiako Auzitegi Gorenak lau preso politikoren kasuan (Gotzon Amaro, Gari Arriaga, Alex Velasco eta Txema Olaberrieta) Zigor Kode berriaren 579 bis 4 artikulua ez aplikatzea erabaki duelako ere.

«Honela, Madrilek agerian uzten du bera dela arazo eta oztopo bakarra preso politikoen eskubideak zapaltzen dituen egungo espetxe politika aldatzeko», esan du. «Testuinguru honetan, apirilaren 17an, preso ohiek Bilbon antolatu zuten manifestazioan, bere gutun baten irakurketarekin salbuespen legedia ezabatu eta espetxe legedia arruntera itzultzea eskatu duen Josetxo Arizkurenen mezua nahikoa izan da mendeku gisa Murtziako espetxera aldatzeko», salatu du.

Amaro, Arriaga, Velasco eta Olaberrietaren kasuetan, berriz, Espainiako Auzitegi Gorenak «mendeku ikuspegiaz zigortzen jarraitzen duela erakutsi du».

Mobilizazioak

Bitartean, mobilizazioek ez dute etenik herrietan. Atzo, Antzuolan (35), Bergaran (60), Agurainen (35), Getarian (26), Mutrikun (60), Lezon (21), Arrasaten (150), Lekeition (86), Lizarran (28), Villabonan (73), Mundakan (23), Arrankudiagan (32), Eskoriatzan (30), Zizurkilen (14), Legorretan (15), Lizartzan (41), Zaldibian (110), Mendaron (15), Zumaian (50), Donostian (151), Oñatin (50), Lesakan (30), Irunberrin (25), Barrikan (11), Berangon (18), Irunen (65), Durangon (74), Elgetan (17), Soraluzen (61), Laudion (73), Bakion (24), Usurbilen (62), Zeberion (21), Murgia-Zuian (35), Gasteizen (400), Iruñean (125), Berrizen (15), Garesen (25), Muskizen (45), Iurretan (55), Usansolon (20), Lemoizen (14), Gernikan (79), Ugaon (38), Beasainen (56), Gorlizen (15), Plentzian (32), Ondarroan (166), Trapagaranen (34), Busturian (25), Muruetan (7), Leioan (64) eta Galdakaon (99) izan ziren.