GARA
IRUÑEA

«Ni, Urumea» dokumentala, itsasorantz

Cristina Enea Fundazioak sustatutako “Ni, Urumea” dokumentalaren emanaldi sorta Nafarroan hasi zen maiatzean eta hurrengo astean Donostiara iritsiko da. Urumeak bustitzen dituen udalerrietan ibaiari buruzko dokumental etnografiko horren aurkezpen proiekzioak egingo dira, Labrit Multimedia ekoiztetxearekin elkarlanean. Emanaldien ondoren, egileen eta bertaratutakoen artean solasaldia izango da. Asteartean Martutenen eskainiko da, asteazkenean, Loiolan eta ostegunean, Donostiako Antzoki Zaharrean.

Gaizka Arangurenek zuzendu eta Labrit Multimedia ekoiztetxearekin elkarlanean egindako lanak ibaiaren bidean zehar testigantzak eta bizipenak jasotzen ditu, horien bidez ibaiari ageriko protagonismoa emanez, ez bakarrik naturaren eta hirigintza gatazken ikuspuntutik, baizik eta gizakion harremanetik ere bai: arrantzaleen, basozainen eta ibai bazterreko hainbat lekukoren istorioak biltzen ditu.