GARA
BILBO

Sexu aniztasunaren aldeko militante bilakatuko dira LABeko ordezkariak

Ekainaren 28a dela eta, LABek lantokietan homofobia, transfobia eta bifobiaren kontra egindako lanaren berri eman du. Egindako ikerketaren arabera, Hego Euskal Herrian %3,3 egin dute gora horiekin lotutako erasoek, aurreko urtearekin konparatuz.

LGTB Harrotasunaren Eguna ospatzen da gaur eta, horren karietara, LABek gaiaren inguruan egin duen lanaren berri eman zuen atzo. Hala, sindikatuko ordezkariek iragarri zuten, lantokietan homofobia, transfobia eta bifobiaren kontra egiteko, sindikatuko ordezkari guztiak sexu aniztasunaren aldeko militante bilakatuko direla.

«Bizi garen jendartearen ispilu dira lantokiak, eta horietan ere era honetako diskriminazio eta jazarpen egoerak izaten dira. Prekaritatea, lan ezegonkortasuna, lan erreformak, murrizketak jasaten ditugun tokiak dira lantokiak, baita gure nortasuna itotzen duten tokiak ere: denak egiten digu presio gure sexu nortasuna ezkutatzeko, horrek dakartzan kalte pertsonal eta sozialekin», adierazi zuten.

Sindikalisten ustez, homofobiak laneko giroa kutsatzen du eta pertsonen arteko harremanen osasunari kalte egiten dio. Horregatik ez dute onartzen «generoarengatik edo pertsonon aukera sexualarengatik inongo baztertzerik, ez jazarpenik», azpimarratu zuten ordezkari sindikalek.

LABek urteak daramatza jarrera horien kontra borrokan, atzo azaldu zutenez. 2014an lantokiak homofobia, lesbofobia, transfobia eta bifobiatik askatzearen garrantzia planteatzen hasi ziren. Horretarako, eman beharreko pausoen gida argitaratu zuten. Iaz, eraso edo diskriminazio kasuen aurrean erantzuteko protokoloa atera zuten.

Aurtengo pausoak

Aurten formakuntza saioak egin dituzte jendea sentsibilizatzeko eta prebentzioa lantzeko, jazarpena ekiditeko bidean, eta dagoenean salatu ahal izateko.

Prozesu horretan, sindikatuaren aniztasuna ezaugarri zuen militante taldea osatu dute. Helburua da pixkanaka ordezkari guztiek bat egitea militantzia horrekin, «LAB aniztasun sexualaren erreferentziazko aliatu bihur dadin».

«Hego Euskal Herrian aurten %3,3 hazi dira erasoak aurreko urtearekin alderatuz. Hori ezberdinarekiko gorrotoa oinarri duen eskuin muturreko diskurtsoari lotuta dago, eta krisia hasi zenetik areagotu egin da», salatu zuten. LABek uste du eredu politiko horren aurkako borrokek bat egin behar dutela.

LGTB kolektiboaren aldeko mobilizazioak

LAB sindikatuak iragarri zuenez, euren konpromisoa kalera eramango dute. Horretarako elkarretaratzea egingo dute gaur, 11.00etan, Bilboko Arriaga plazan. Horrez gain, ohiko manifestazioak izango dira Hego Euskal Herriko hiriburuetan E28ko antolakundeek deituta, sexu askatasunaren alde.

Hala, Donostian 19.30ean abiatuko da martxa Bulebarretik; Iruñean, 20.00etan, autobus geltoki zaharretik; eta Gasteizen, ordu berean, Andre Maria Zuriaren plazatik. Manifestazio guztietatik handiena Bilbokoa izango da, urtero bezala, Moyua plazatik 19.30ean abiatuko dena. «Europako hiritarrok azken boladan ez dugu harro egoteko arrazoi askorik. Egunero hamaika lagun hiltzen dira gure munduko atarian. Lagun horiek izugarrikeriatik ihesean datoz, euren etxea utzi eta gurean etxe berria eraikitzeko dauzkaten arrazoi askoren arteko inportanteenetako bat izan daiteke, haientzako askorentzat, disidente sexualak izatea», aipatu zuten “Mugak hautsi” lelotzat izango duen desfilearen aurkezpenean.GARA