Arantxa MANTEROLA
baiona

Vallsek sindikatuak hartuko ditu, baina «ez da deus negoziatuko»

Hamaikagarrenez lan erreforma erretiratzeko exijituz Estatu osoan milaka pertsona karrikaratu eta biharamunean, lehen ministroak eta Lan ministroak bilera egingo dute sindikatuekin. Bihar, berriz, ugazaben ordezkariak hartuko dituzte Matignonen. Egoera zertan den aztertzeko dela esan du Vallsek, negoziaziorako aukera erabat baztertuta.

«Inolako negoziaziorik ez» dela izango aurrez argi utzita, Manuel Valls lehen ministroak eta Myriam El Khomri Lan ministroak langileen sindikatu nagusiak –CGT, CFDT, FO eta CFTC– hartuko ditu gaur arratsaldean. Bere esanetan, «lan erreformaren auzian egoera zertan den, adostasunak eta desadostasunak zeintzuk diren» aztertzea izango da topaketaren xedea. Gauza bera egiteko asmoa du bihar arratsaldean ugazaben ordezkariekin (Medef, UPA eta CFE-CGC) .

Gobernuburuaren eta eragile sozialen arteko azkenengo bilerak martxoaren hasieran izan ziren, justu lege proiektuaren ibilbide parlamentarioa hasi aurretik. Geroztik, Valls telefonoz behin mintzatu da haiekin, maiatzaren 28an, hain zuzen. Ekainaren 16an, Lan ministroak eta CGTko Philippe Martinezek ere bilera egin zuten. Orduan, sindikatuak proposamen batzuk egin zizkion El Khomriri, baina gaur-gaurkoz bederen ez da ezer aldatu.

Lau hilabeteotan giroa asko tenkatu da gai honen inguruan, batez ere egitasmoa bertan behera uztea exijitzen duten sindikatuen eta gobernuaren artean, baina baita lan erreformarekin kritiko agertu diren PSko hainbat diputaturen eta exekutiboaren artean ere.

Istilu batzuk Parisen

Atzo bertan, hamaikagarren mobilizazio eguna izan zuten eta berriro ere Pariseko manifestazioan jarrita zegoen bereziki arreta. Ekainaren 23koan bezala, ezohiko neurriak hartuta, orduan baino ibilbide luzeagoa zuen martxa 2.500 poliziaren kontrolpean igaro zen. Hasieran polizien karga batzuk izan ziren manifestari talde batzuen kontra eta 40 bat lagun atxilo eraman zituzten. Gorabehera horiez aparte, oro har, nahiko lasai joan zen manifestazioa. Parte hartzeari dagokionez, Estatuan 200.000 pertsona inguru (horietatik 60.000 Parisen) izan zirela esan zuten sindikatuek. Poliziak, berriz, 64.000ra (15.000 Parisen) jaitsi zuen kopurua.

Hurrengo deialdia egiteko ere baliatu zuten eguna langile sindikatuek. Uztailaren 5erako iragarri dute hurrengo mobilizazio eguna, Asanblea Nazionalean lege proiektuaren bigarren eztabaida hasiko den egunerako, hain zuzen.

Senatuak erabat gogortu du

Hain zuzen, atzo arratsaldean bozkatu zuen Senatuak Lan Kodea erreformatzeko legea. Ganbera horretan eskuina nagusi denez, legearen testuari sekulako moldaketak egin dizkiote, artikulu asko gogortuz.

Prozedurari jarraiki, normalean senatariz eta diputatuz osatutako batzorde paritario batek finkatu beharko luke behin betiko testua, baina bi ganberen artekoen edukiak horren desberdinak izaki, Asanblea Nazionaleko Gizarte Gaien Batzordeak berriro aurreko jitera ekarri beharko du.

Osoko bilkurak datorren asteartean ekingo dio bigarren irakurketari. Eztabaidak eta zuzenketek agerian utziko dituzte berriro diputatu sozialisten arteko kontraesanak eta oso litekeena da, lehen irakurketan egin bezala, gobernuak legea dekretu bidez onartzea.

 

Baionan, manifestazioa eta Larrieu gogoan

Estatuan bezala, Ipar Euskal Herrian ere izan zuen eragina atzoko mobilizazio egunak. Hainbat esparrutan lanuzteak ere izan ziren, Biarritzeko aireportuan, esaterako. Air Franceko hamar bat hegaldi bertan behera geratu ziren, nagusiki Paris, Dublin eta Londresekin loturak zituztenak.

Goizean jada ohiko bilakatu den manifestazioa egin zen, sindikatuek deituta. Mila bat lagunek Santa Urtsula plazatik suprefeturainoko bidea egin zuten. Hara iritsita, aldez aurretik lan erreformaz egiten aritu diren galdeketen 2.600 erantzunak entregatu zizkioten suprefeturako zuzendari nagusiari.

Lege proiektuaren kontra hasieratik asko mobilizatu den Erretiratu Arte kolektiboak minutu bateko isilunea egin zuen, joan den larunbatean Hirukasko mendi ibilbidean istripuz hil zen beren kide Claude Larrieuri. Hainbestetan –azkenekoz 23an bertan– igaro zuen zubian bere argazkia paratu zuten eta lore eskaintza hunkigarria egin zioten. Angeluarra NPAko buru eta kolektiboko ekintzaile oso aktiboa zen, baita presoen eskubideen defendatzaile sutsua ere.A.M.