Estibalitz EZKERRA
Literatur kritikaria

Harremanak

Hobe da gorabeheratsua den harremanarekin haustea beranduegi baino lehen, saihets zitekeena amaiera berantiar baten ondorioz behin betiko kalte bilaka ez dadin. Kasu honetan, ordea, ba ote zen saihestu beharreko ezer Britainia Handiaren—edo Ingalaterra esan beharko genuke?—eta Europar Batasunaren arteko harremanean? «Brexit»-en aldekoen argudioa zen EBrekin hartu-emanean egoteak kalteak baino ez zizkiola ekarriko Britainia Handiari, nahiz eta gainerako kideekin alderatuta abantaila handiagoetan oinarrituta zegoen bere kidetasuna: bere txanponari eutsi zion kontinentean euroa ezarri zutenean; errefuxiatu zein etorkin uholdeetatik babesa lortua zuen Schengen akordioaren parte izateari uko egin izanaren ondorioz—paradoxikoki, irteeraren aldekoen kexu nagusietako bat kanpotarren inbasioaren aurrean EBk Britania Handia babesgabe utzi izana zen—merkataritzari begira salbuespeneko egoera bizi zuen... Baina hara non Europa promiskuoegia atera zaion Britainia Handiari. Guztiekin harreman ona mantendu nahi izateak susmagarri bihurtu du Britainia, oh Britainia guztientzat —tira, koloniek bestela pentsatuko dute, baina ingelesen aginteari esker dute orain hain ingeles ona—handi zen garaien nostalgiak itota dagoen Britainia Handiarentzat. Lasai egon beharko luke, baina, Europaren bihotzean toki handia betetzen baitu, galde diezaiotela Greziari bestela. Kontinenteari mesfidantzaz begiratzea, ordea, ingeles izatearen parte omen da. Onegiak omen dira langile xumeen odola zurrupatzen ari den Europara honentzako.