Surflari ernegatua

Udako kontuak

Halako batean iritsi da uda. Sasoi betean gara. Sorosleak, bainulariak, eguzki hartzaile deshidratatuak, patata saltzailearen hanka pilota puztuak, hondartza zerri eginda uzten duten borondate oneko hiritarrak, izozkiak miazkatzen dituzten mihi lodiak, itzalkinak, jendea eta bere eskubideak, mota guztietako taulak eta bainu jantziak, udako arauak, numeroak, turistak eta erromesak, xukaderak, dutxetako ilarak, bozgorailuetako aholkuak eta itsasoko labezomorroak neoprenotan kondoituta.

Benetako surflariak surf egiteari uzten dion garaia ere bada. Borroka dezatela olatu ere ez diren uhin horiengatik katalanek eta Europa iparraldeko bisitariek. Atseden hartzeko garaia da. Urtean zehar itsasora joateko zeharkatzen dugun hondartza eremuari muzin egiteko sasoia da. Ur jantzia zintzilikatu eta herrietako festetarako guda arropa janzteko momentu egokia ere izan daiteke, hain zuzen. Edozer dela ere, hondartzatik urrun, osasunak eskertuko digu.

Paradoxikoki, surf munduan albiste gutxien izaten den garaia ere bada uda. Neguko itsaskiek zeresana ematen dute, beti bada itsasoak ekarritako albisteren bat, baina udan, zenbait txapelketa kenduta ezer gutxi dago kontatzeko.

Gaur bezalako egun batez, 1776ko uztailaren 4an, Ameriketako Estatu Batuek, Britainiar inperioaren mende egoteari utzi, eta independentzia aldarrikatu zuten eta egun hura oroitzeko sekulako festa izaten da kaleetan, desfileak, su artifizialak, beisbol partiduak, denetik izaten da gaurkoan AEBetako karriketan eta hemen udan daukagun giro hau oroitarazten dit. Udan, badirudi egunero dela independentziaren eguna gure kostaldeko herri turistikoenetan. Badirudi badela zer ospatu eta zer abestu, beti bada festarako aitzakiaren bat, beti bada zerbait, beti, betiko martxan...

Surf taula ezkutatu eta festen itzuliari hasiera emateko aitzakia ederra izan daitekeen beste aitzakia bat. Gure hondartzetara begiratu besterik ez dago gureak Salouren gero eta antz handiagoa duela ikusteko. Gaurkoa bezalako egun batean aldarrikatu ahal izango dugu guk ere independentziaren eguna, baina ordurako Salou Salou izango da, Zurriola, Sopela edo Zarautz ere Salou izango dira, eta udari hasiera emango diogu beti betiko moduan, batzuek surf taula gordetzen eta besteek ateratzen, amerikarrek egiten duten bezala, berdin-berdin, antza, uda sasoi honi dagokiona horixe delako, bertako izanda ere turista amerikarrarena egitea, alegia.