GARA
DONOSTIA

Etxebizitzak erosteko webgune interaktiboa abiarazi du Kutxabankek

Web orriak erosketa prozesuko urrats guztiak azaltzen ditu, eta bakoitzaren kostuak agertu eta kontuan hartu beharreko aholkuak ematen ditu. Simulagailu baten bidez, bezeroak egoera erreala irudika dezake.

Kutxabankek bere egungo bezeroen eta aurki bezero izan litezkeenen eskura jarri du www.guiaviviendakutxabank.es webgune interaktiboa, etxebizitza bat erosterakoan jarraitu beharreko urratsak zeintzuk diren azalduz, era guztietako xehetasunekin. Webgunean prozesu osoa lau urratsetan egituratzen da, banketxeak atzo ohar bidez azaldu zuenez. Etxe baten bilaketan hasten da, salerosketako kontratua sinatuz jarraitzen du, hipoteka-kredituaren ezaugarri guztiak aztertzen ditu eta eskriturak sortuz amaitzen da.

«Gaur egungoa bezalako testuinguru batean, non higiezinen merkatuan berreskurapen zantzu nabarmenak ikusten ari diren, Kutxabankek etxea erosteko asmoa duten guztiei prozesuan izan ditzaketen zalantzak argitu nahi dizkie». Hala, web orriak urrats bakoitzean aintzat izan beharreko hainbat gomendio gogora ekartzen ditu –horiek egiaztapen zerrenda baten bitartez berrets daitezke–, eta dokumentazio zabala jartzen du erabiltzaileen esku, argigarriak izan litezkeen lotura eta simulagailuekin batera.

Hipotekaren atalean finantziazio bide honen kontzeptu nagusiak erakusten ditu. Norberak duen ordaintzeko ahalmenaren, kaudimenaren eta eskarmentuaren arabera negoziaziorako posizioa aintzat izateko gomendioa egiten du, baita finantza erakunde desberdinetako eskaintzak aztertzekoa ere, horien kaudimena, profesionaltasuna eta hurbiltasuna aztertu ostean. Ondoren, Kutxabanken bulego batean galdetzea gomendatzen du.

Hipotekak, gora

Aurten, Kutxabankek etxebizitzak erosteko eman dituen hipoteka-kredituak merkatuaren batez bestekoaren gainetik hazi dira, eta finantza erakundeak bulegoak dituen toki guztietan igo dira, gainera, iturri berberen arabera. Eskari honen hazkundea, funtsean, erabilitako etxebizitzen salerosketagatik izan da».

2016ko lehen hilabeteetan, finantza erakundeak egiaztatu ahal izan duenez, hipoteka finkoa eta hipoteka mistoa «ohikoagoa» den formulari aldea ateratzen ari dira, hain zuzen, Euriborra erreferentzia duten maileguei.