Nagore BELASTEGI
DONOSTIA

Errepresioaren biktimek lege proiektuan euren iritzia kontuan hartzea nahi dute

Euskal Autonomia Erkidegoan 1978 eta 1999 artean izandako legez kanpoko errepresio egoeretan eskubide urraketak jasan dituzten biktimei buruzko lege proiektua lantzen ari dira Gasteizko Legebiltzarrean, eta horri buruz eztabaidatzeko eta iritzia plazaratu ahal izateko Egiari Zor elkarteak estatu indarkeriaren biktimak bildu zituen atzo Donostian.

Egiari Zor elkarteak bilera egin zuen atzo Donostiako Miramar jauregian Estatuaren errepresioaren biktimekin, Gasteizko Legebiltzarrean aztertzen ari diren poliziaren gehiegikerien lege proiektuari buruz eztabaidatzeko asmoz. Izan ere, uste dute ez dela beraien iritzia kontuan hartu eta beraiek ere ekarpenak egiteko prest daudela argi utzi nahi izan zuten.

Parte hartzaileak, Martxoak 3, TAT, Goldatu edo Etxerat bezalako elkarteetako kideak, taldetan banatu ziren euren esperientziez mintzatzeko. Bi ordu luzetan hitz egin zuten euren artean, eta jarraian, ateratako hainbat ondorio plazaratu zituzten. Iritzi guztiak ezin izan zituzten bildu, baina aurrerago publiko egingo dituztela adierazi zuten. Hala, Elena Bartolome Josu Muguruzaren alargunak eta Carmen Galdeano Xabier Galdeanoren alabak hitza hartu zuten Egiari Zorren izenean.

Hauek aipatu zuten lege proiektua pauso baikortzat hartzen dutela, nahiz eta jakin biktima batzuk besterik ez direla aintzat hartuko. Uste dute lege honek «orain arte atera ez dena argitara aterako» duela, euskal gatazkaren sufrimenduaren parte bat ezaguna delako baina bestea «ezkutuan» egon delako orain arte. Hala ere, lege horren sorreran biktimen parte hartzea aldarrikatzen dute. «Guri gertatu zaiguna guk bakarrik kontatu dezakegu», azpimarratu zuten.

Era berean, legeari eman nahi dioten izena ere kritikatu zuten uste dutelako aukeratutakoa «abstraktua» dela eta biktimak nortzuk diren ez dela argi gelditzen, alegia, torturatuak, legez kontra atxilotuak, desagerraraziak, hildakoak... «Estatu espainolaren biktimak gara, eta hori da aitortu behar den lehenengo gauza», aipatu zuten.

Bestalde, biktima bezala aitortua izateko testigantzak aurkezteko jarritako epea salatu zuten, asko kanpoan gelditu direlako. «Aitorpenari ezin zaio epea jarri. Bakoitzak bere erritmoa dauka. Zaila da sufritzen duguna aitortzea eta denbora behar dugu», azaldu zuten. Horregatik eskatzen dute biktimen erregistrorako eperik ez egotea. «Honekin hasi besterik ez dugu egin, ez da zuzena limiteak jartzen hastea», salatu zuten. Biktimak garaiaren arabera sailkatzea ere gaizki ikusten dute, zeren «garai desberdinetan indarkeria gauzatu duten aktore desberdinak izan dira, baina gure herrian indarkeria etengabea izan da, 1936tik orain arte».

Biktima guztiak berdinak

Era berean, biktimen artean bereizketak egitearekin ez daude ados, besteak beste, ondorio psikiko eta moralei fisikoek duten garrantzi berbera eman behar zaiela iritzita, hauek ere bizitza osorako eraginak dituztelako.

Bestalde, argi utzi zuten kalte-ordainak jasotzea ez dela euren lehentasuna, baina aldarrikatu zuten «biktima guztien eskubideak berdinak badira, erreparaziorako neurriak ere berdinak» izan behar direla. Hala, zenbait biktimek duten tratu berbera eskatu zuten eurek ere.