Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
Surfa

Jeffreys Bay 2016:Lehia itzela eskuin olatu mitikoan

Aste honetan amaituko da Hegoafrikako olatu famatuan egiten ari diren CT itzuliko seigarren txapelketa. Emaitza edozein dela ere, Wilkinson australiarrak jarraituko du buru ranking orokorrean, baina beste lehiakideak gero eta gertuago dauzka.

Surflari beteranoak ari dira gailentzen J-Bayn. Munduko eskuin olatu luze eta ederrenetakoak edozein motatako ariketak egiteko aukera eskaintzen du, baina esperientziak asko lagun dezake olatu bitxi hau irakurtzeko orduan. Kanpotik olatu guztiak berdinak direla dirudi, olatuaren sekzioak buruz ikasi eta berau nola landu ikas daitekeela; baina, berez, ez daude bi olatu berdin eta olatu bakoitzak irakurketa propio eta zorrotza eskatzen du.

Arrazoi horrexegatik, olatu bakoitzean irakurketa egoki bat egin eta ariketa desberdinak egiteko gai izan diren lehiakideek egin dute aurrera J-Bay 2016 txapelketan. Gaur bertan izan daitezke finalerdietako txandak Hegoafrikako eskuin olatu famatuan. Edonola ere, gaur ez bada, datozen ordu edo egunetan jakingo dugu CT zirkuituko seigarren txapelketa nork irabazi duen; izan ere, gehienera datorren igandera arte luzatu daiteke munduko txapelketa.

Pasa den asteburuan egin zuten azken txanda final-laurdenetako lehen txanda izan zen. Jordy Smith bertako surflaria eta John John Florence hawaiiarra aritu ziren buruz buru eta azken honek lortu zuen finalerdietarako pasea.

Hala, jada badakigu Florence izango dela datozen orduetan itsasoratu beharko duen lehiakideetako bat, baina oraindik beste lehiakideak nortzuk izango diren erabakitzeke dago. Kelly Slater, Josh Ker, Julian Wilson, Gabriel Medina, Mick Fanning eta Filipe Toledo lehiakideek finalerdietara pasatu ahal izateko final-laurdenetako txanda gainditu beharko dute.

Egun ranking orokorrean buru den Matt Wilkinson australiarrak ez zuen hirugarren erronda pasatzea lortu, beraz 1.700 puntu bakarrik eskuratu ditu txapelketa honetan. Hala ere, emaitza edozein dela ere rankingeko buru izaten jarraituko du Wilkok, zeren egun bigarren eta hirugarren postuan dauden Gabriel Medinak edo John John Florencek irabaziz gero ere ez lituzkete rankingeko lehen postua eskuratzeko behar adina puntu bilduko. Hori bai, bi lehiakide hauetako batek irabazten badu rankingeko bigarren postuan jarriko da eta Wilkinsonekin oso puntu gutxiko aldearekin gainera.

Iaz ez zen txapeldunik izan J-Bayn. Finala eten eta lehian zeuden Mick Fanning eta Julian Wilson australiarrek lehorrera atera behar izan zuten marrazo batek Fanningi eraso ostean. Gertaera harrigarri hori ikusita, antolatzaileek finala bertan behera uztea erabaki zuten, eta horrela, berdinduta, bi lehiakideek bigarren postua eskuratu zuten.

Aurtengoan ez dio marrazo batek eraso egin Fanningi, baina beste behin ere zorte txarra izan du australiarrak; izan ere, txapelketako bigarren egunean surf egitera sartu zen goizean goiz eta olatu batean orkatila bihurritu zuen. Errenka atera zen uretatik Fanning, baina horrek ez zion hurrengo txandetan bikain aritzea eragotzi.

Orkatila babes batekin ikusi ahal izan genuen surf egiten australiarra, baina lesio bat izan arren txapelketa hau irabazteko gai da, eta gainera, faboritoetako bat da.

Iaz, Fanningi marrazoak eraso zionean aurkari zuen Julian Wilsonek ere istripu bat izan zuen J-Bayn olatu batean erori eta aurpegiarekin arroken kontra arrastada egin zuenean. Uretatik atera ostean artatu zuen erizainak, baina Wilsonek ez zuen irribarrea galdu; izan ere, txanda pasatzea lortu zuen eta gustura zegoen.

Azken egunetan olatu ederrak izan dira J-Bayn, haize leuna eta metro bateko olatuak, baina datozen egunetan ez dago garbi zer-nolako olatuak izango diren. Antza, asteko lehen egunetan haizeak itsasotik joko du; beraz, olatu narrasak izango dira, baina asteak aurrera egin ahala itsaski bat sar daiteke eta haizeak ere atseden har dezake. Hori horrela bada, txapelketa indarrean izango da eta ikuskizun ederra izan daitekeela iragar daiteke, batez ere hurrengo txandetan nork lehiatu behar duen ikusita.

Aste honetan, CT itzuliko seigarren txapelketa nork irabazten duen jakin ahal izango dugu, baina oraindik beste bost txapelketa daude aurretik, beraz oraindik goiz da aurtengo titulu mundiala nork eskuratu dezakeen esateko.

Hegoafrikako txapelketaren ostean Tahitira joango dira TOP 32ko lehiakideak, eta han, abuztuaren 19 eta 30 bitartean munduko olaturik beldurgarrienetako batean lehiatu beharko dute, Teahupooko ezker olatuan, alegia. Hortaz, aurtengo txapelduna nor izango den esateko oraindik goiz izan arren, datozen hilabeteetan zirkuitua azken txanpan sartu eta lehia gero eta gogorragoa izango dela aurreikus daiteke.