Joxemari CARRERE
Ipuin kontalaria

Cuentacuentos

Irten da ipuin kontalaria jendeari aurre egiteko asmoz, baina unea heldu denean atzera jo du, ez dio bere patuari jarraitu nahi. Behartu egin dute, ordea, bere lana burutu dezan. Jendeari aurre egitea da bere eginkizuna. Beldurrak gainezka, dardarizoak gorputzak zeharkatzen, kirioak dantzak. Baina ekin dio. Bere azken emanaldia izango da. Azken ipuina. Patua. Saihetsezina. Patua. Krudela. Ankerra. Patua. Barneko amorru guztia, bizitzan bildu duen amorru guztia gailendu zaio, eta bildu den publikoarengana doa. Ez du oraingoan atzera egingo. Aurrera doa. Azken ipuina. Patua. Ordaina jasoko du laster. Hirugarrenean akabatu dute. Kosta egin zaie baina akabatu dute. Atzera jo nahi zuen ipuin kontalariarenak egin du. Amaitu da ipuina. Bete da patua. Destinu petrala. Hauxe duk, hauxe, azken hitzen murmurioa itzaltzen joan da bere barnean. Hala bazan, hala bedi.

Sanferminetako hirugarren zezen entzierroan “Cuentacuentos” zezenak atzera jo zuen, eta bide zuzena berriro hartuta japoniar bat adarkatu zuen. Arratsaldeko zezenketan laugarrena atera, eta toreatzaileak hirugarrenean lortu zuen akabatzea. Akabo “Cuentacuentos”. Zergatik demonio bururatu zitzaion norbaiti halako izena jartzea zezenari, jakinda zein amaiera izango zuen? Ordutik buruan bueltaka daukat galdera. Beharbada egun batean cuentacuentos bat entzutera joan zen eta hango esperientziak eman zion ideia. Mendeku moduko bat. Bitxia da ikustea noraino heldu den gure ofizioa. Zezenak, ordea, ez zeukan errurik.