17/07/2016

Crónica
EUROPA BAT-BATEAN
IRLA TXIKI GUZTIEN ARTEAN, IRRI HANDI BAT ITSASOARI BEGIRA

DONOSTIA 2016K ETA MINTZOLAK ELKARREKIN ANTOLATUTAKO KANTU INPROBISATUEN NAZIOARTEKO TOPAKETA BIDAIA ZIRRARAGARRI BAT IZAN ZEN, BILDUTAKOAK PAISAIETAN BARNA BAINO, JENDEARENGANA ERAMAN ZITUENA. ILARGIA ETA IZARRAK ATZEAN, ITSASOA ETA ARTXIPELAGOA LURREAN, MUNDUKO HARRESI GUZTIAK ERAITSI ZITUZTEN.

Maider IANTZI
0717_kul_bertso2

«Pareta ireki dezagun/ ezin naiz gehio egon hemen nire aldean/ nabari da, nik ezin dut gehio jasan/ ireki zirrikituak», eta horma arrakalatzen hasi zen

Maria Isabel Servera mallorcarraren kantu zoragarriak laburbiltzen du, atzo arratsean, Donostiako Kursaalen izan zen “Europa bat-batean” kantu inprobisatuaren nazioarteko topaketan, bizi izan zena. Balearretan eta Kuban egiten duten ariketa batean, lau bukaera eman zizkion aurkezleak: «Bizitzaren miraria; tanta bat itsaso barnean; glosa xume eta argia; beti egin dezakegu bidea».

Eta hala abestu zuen Serverak, entzuleen belarriak poztuz: «Gaur dastatu ahal izan dugu bizitzaren miraria/ bertso guztiak batuta uholdeak sortu ditugu, tanta bat itsaso barnean/ eta guztion artean distira egin dugu eta hala kantatzen dugu glosa xume eta argia/ Euskal Herriaren laguntzaz beti egin dezakegu bidea/ glosa xume eta argia/ kantatzen dugulako distira egin dugu guztion artean, tanta bat itsaso barnean/ distira egin dugu denen artean, bizitzaren miraria dastatu ahal izan dugu gaur».

Ilargi bera ikusten da

Lourdes Yunet Lopez kubatarra eta Alaia Martin oiartzuarra izan zituen lagun mallorcarrak. Polito aritu ziren hirurak, goxo eta indartsu, baita konplizitatez ere. Saio osoko ezaugarria izan zen hau, hizkuntza desberdinean abestu arren, ilargi bera ikusten dutelako eta primeran ulertzen dutelako elkar.

Beira taldeko abeslari eta bertsolariak, Jon Martinek, kantatu zuen gisan, «Galeseko lur okupatutik Txipreko irla txikira/ Austrialdeko Alpeetatik mexikar aire berrira/ Mallorcan jaio den vallesa naiz, Kuban jaio den guajira/ olatuaren apar gainean bertsoak entzuten dira/ orain irri bat egiten dugu itsasoari begira».

Aipatutako zazpi herriotako inprobisatzaileek elkarrekin kantatu zuten, hizkuntza eta hiztunei arnasa emanez. Hizkuntza gutxituak irla txikiak dira itsaso zabalean. Hiztunen egitekoa da, ordea, itsaso zabalean ez galtzea. Ane Labakak eta Miren Amurizak hala erantzun zuten euskararen irla txikian galduta sentitzen ahal diren galdetu zietenean:

«Nola dabiltzan irla txikiak itsasoetan bueltaka/ gure tartean elkartasunik ezin zaigu orain falta/ josi ditugu gure hizkuntzak nork bere ahotsez atalka/ eta hara non osatu dugun gaur denon arteko mapa», bota zuen berriztarrak. Eta lasartearrak: «Ta gaur indartsu senti daiteke lehenago zena hauskorra/ txiki guztiok sufritzen degu hain egoera gogorra/ ipar ta hego elkar ditzagun eta erantzuna horra/ jada maparik ez degu behar hementxe degu altxorra».

Miren txikitasunaz harro agertu zen, «ez baikenuke hau sentituko handiagoak bagina», eta Anek amaiera biribila eman zion bertsoaldiari: «Eta altxor bat zai badaukagu elkartzen geran aldiro/ zer aurkitua badago Miren galdu gaitezen berriro».

Umorerik eta irri-algararik ez zen falta izan. Horren adibide, Las Alondras mexikarren eta Julio Sotoren arteko elkarrizketa.

Gorritikoak Rebeca Limonen doinua ikasia zuen, aste honetan elkarrekin kantatu baitute behin baino gehiagotan, baina, badaezpada, laguntzaile ekarri zituen Beñat Gaztelumendi eta Amets Arzallus.

Diana Laura Hernandez eta Dana Sofia Limon kideekin hirukotean inprobisatzen duen Rebecak «gaur bakarrik ezin izan duzu» erranez zirikatu zuen Julio. Eta publikoa barrez lehertu zen Beñat eta Amets Juliori koruak egiten hasi zirenean.

«Egurra eman didazu maiz/ astintzen eta astintzen/ zure ondoan joan naiz txikitzen eta txikitzen… Querreque…», mexikarren estiloan fin ibili zen nafarra.

Animatzen joan ziren eta azkenerako maletan lekua egiteko ere eskatu zion Juliok Rebecari. Kalabazak jaso zituen: «Hay festival no te acabes, lo digo con sentimiento, en mi maleta no cabes, compra tu propio boleto». Txalo zaparrada beroa oparitu zien publikoak, saio osoko parte-hartzaileei bezala. Txaloak jo eta gozatzeko gogoz ikusten zen jendea.

Galestarren errezitala

Ekitaldiaren hasieran Hans Eder eta Norbert Hauer publiko artetik kantu alaian sartu zirenetik ikusi, entzun eta gozatu ahal izan zen inprobisatzeko modu desberdinez. Galestarren lana, adibidez, hagitz zorrotza da. Neurri ezberdinetan, errimak, aliterazioak eta azentuak erabiltzen dituzte. Ez da kantatua; aurrez zirriborratutako apunteetatik sortzen dute berbaldia.

«Ilargiak mugitzen du itsasoa, baina denok ditugu gure ilargiak, mugitzen gaituzten indarrak. Zein dira zuen ilargiak?», galdetu zieten Karen Owen eta Eurig Salisbury-ri aurkezleek, Maite Berriozabal eta Alaitz Rekondok. Zirriborroa prestatzeko denbora pixka bat hartu, eta hala errezitatu zuten:

«Estatubatuarrak ilargira joan zirenean, argazki ospetsu hori atera zutenean, lurrak ekuadorra zirudien han iluntasun horretan, lurrak izugarri leku ona ematen zuen, baina oroituko zarete bederatzi hilabete lehenago Vietnameko sarraskia gertatu zela. Lurrak txoratu egiten gaitu, dimentsioa galduta, baina deus ez gara».

«Bizitza, espazioa ere bada bizitza, jendea gure inguruan, batzuk planetak dira, beste batzuk izarrak, beste batzuk astoak, besteak planeta jaiotzear daudenak, joan-etorrian ibiltzen dira, batzuetan inguratu egiten gara, bestetan zeharo urrundu, batzuek oso gazte egiten dute alde lurretik heriotzak eramanak, beste batzuk gehiago gelditzen dira, espazioan ikusten naiz, oso gazte ikusten dut nere burua, espazio zahar honetan, oso txikia ikusten dut nire burua espazio handi honetan».

Bertze ariketa batean, Beñat artistak horma bat eraiki zuen mallorcarrei, Mateu Matas eta Maria Isabel Serverari, gaia jartzeko. Bat harresiaren alde batetik abesten hasi zen eta bertzea, bertze aldetik: «Hemen jada ez dagoena eta beldurra ematen didana/ nahi nuke zure aurpegia ikusi ahots horrek izan dezakeena/ paretak kartzela dira nire ausardia nahasten didana...».

«Pareta ireki dezagun/ ezin naiz gehio egon hemen nire aldean/ nabari da nik ezin dut gehio jasan/ ireki zirrikituak», eta horma arrakalatzen hasi zen.

«Askatasun egarri eta mundu berri batena/ leiho bat irekitzean aukera bat zabaltzen da/ eta maitea izan bazaitezke indarra da nahasten gaituena/ eta elkarrekin eraikiko dugu mundua». Jada bestaldekoa ikusten zen, inprobisatzailea begiak itxita, emozio guztiarekin abesten. Kide bat bertzearengana joan eta elkarrekin buelta eman zioten harresiari abestu bitartean, eta besarkada eta muxu batekin bukatu zuten, hunkituta. «Pertsonek egiten badituzte, guk bota ditzakegu ere».

Zipren izan da Amets Arzallus, eta hango lagunekin partekatu zuen oholtza. «Nik erakutsi nizun mugak zeharkatzen/ zuk erakutsidazu irla bilakatzen», eskatu zion hendaiarrak dantzan ere animatu zen Marios S. Poullasi. Airean arnasten zena kantatu zuen: «Ahalko banu munduko muga guztiak botako nituzke».