Andoni TOLOSA «MORAU»
Musikaria

Bihotz kaxkarina

Egia da batzuetan ez daukadala musikaz hitz egiteko gogorik. Lagunak, orduan, kezkatzen hasten dira. Morauk bost minutu daramatza kexatu gabe, harrigarria, hamar minutu kantu edo musikariren bat adibidetzat jarri gabe. Ordu laurdena, ohikoak dituen mamuak aipatu gabe; tabernetako musika kutrea, antolatzaileen axolagabekeria, ezkerreko jendearen kriterio musikal falta... eta abar, eta abar. Eta zer, neuk ere dantza ditzaket, inoiz, batxatarik enpalagosoenak. Ez egin apustu, galdu egingo duzue-eta.

Arazoa zera da, eta musikaz ez badut hitz egiten, zertaz hitz egiten dut? Bada, ez dakit. Baina irudipena daukat lagunek kezkatik jauzi egiten dutela asperkeriara, eta azkenik, ihes egiten didatela, musikaz hitz egin nahi ez dudan egun horietan. Horregatik, batez ere, jendartearen onarpen kontuengatik, naiz ni hain musikazalea, eduki dezadan ezer originala, ezer berezia kontatzeko. Horregatik, xahutu izan dut nire fortuna formatu kapritxosoenetan saldu dizkidaten diskoetan. Horregatik kea atera diot nire emule-ari, eta kontzientzia txarra daukat diskografia osoak deskargatzen ditudanean. Baina ez epaitu oso zorrotz; onarpen bila dabilen gizajoa baino ez naiz. Musikaren banderari heldu diona, atzera begiratu eta lagunen bat geratzen zaiola ikusteko. Horregatik, izan ulerkor nire marmar, epaile planta, txiste txar, esaldi handiuste eta asmo ebanjelizatzaileekin. Ez naiz ni, nire bihotz kaxkarina baizik.