Gaizka AZKETA
IRUÑEA

Udal nafarren batasun zabala, herriz herri eraso matxistei aurre egiteko

Eraso matxistek jaietan lekurik ez dutela argi utzi zuten Nafarroako hainbat udaletako ordezkariek. Agerraldia «lakra» honen aurrean daudenen aniztasun politikoaren isla izan zen. Iruñeak markatutako bideari jarraiki, protokoloak diseinatu dira hainbat herritan.

Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko lehendakari Pablo Azconak adierazi duenez, «jendartea lehen lerroan dago eraso sexisten aurrean». Lodosako alkatearen hitzetan, garrantzia eman behar zaio onartu eta errepikatu ezin diren erasoak publiko egiteari. 2010. urteko Emakumeenganako Biolentziaren Kontrako Koordinaziorako Akordioa berrikusten ari direla jakinarazi zuen.

Raquel Garbayo Federazioko lehendakariordeak jaiak gozamenerako guneak direla azpimarratu zuen. Cintruenigoko alkateak nabarmendu zuenez, «emakume bakoitza bere eskubide, duintasun eta askatasunaren jabe da».

Aritz Romeo Iruñeko zinegotziak bi arrazoi eman zituen Iruñeak eraso matxistei emandako erantzuna «erreferente» izateko: «Arazoa ikusaraztea eta erantzun tinkoa ematea, azken hau mugimendu feministarekin koordinatuz». «Aske sentitu behar dugu, ez ausart», adierazi zuen Romeok.

Tafallan, besteak beste, «ligoteo sanoa» tailerra antolatu du Udalak, Gardatxo gazte elkartearekin batera. Lizarran «nazkatuta» daudela esan zuen bertako alkateak eta aurtengo jaietarako erasoen aurkako protokoloa diseinatu dute.

Tutera, Lizarra, Tafalla eta beste herri anitzetako jaiak heltzear dira. Hiriburuan izandako erantzun masiboa inflexio puntua izan zen, baina ez erantzunak gainerako herrietan errepikatzeko, baizik eta errepikatu behar ez izateko.