GARA
DAMASKO

Alepoko ekialdeko herritarrek bertatik ihes egin ezinik jarraitzen dute

Alepo hiriko ekialdeko auzoetako biztanleek bertatik ihes egin ezinik jarraitzen dute, nahiz eta Baxar al-Assaden erregimenak matxinoen mendean dauden eremuetatik alde egiteko pasabideak zabaldu dituela esan duen. Matxinoek, ordea, oztopatu egin dute herritarren mugimendua eta Washingtonek Moskuri argi ibiltzeko esan dio.

Azken asteotan sekulako bonbardaketak eta bestelako erasoak jasan behar izan dituzten auzoetatik ihes egiteko aukera bat zabaldu zuten Baxar al-Assaden tropek, baina formulak ez du izan inolako arrakastarik eta herritarrek ihes egin ezinik jarraitzen dute. 250.000 lagun inguru daude egoera horretan.

Errusiar aliatuak aurkeztu zuen neurria «humanitario» abizenarekin jaio bazen ere, Assaden aurkako indarrek eta analistek diote kinkan ipintzeko modukoak direla erregimenak dituen benetako asmoak.

Atzo goizean berriz bonbardatu zituen siriar Gobernuak auzo matxinoak. Ordurako hamabi lagunek baino ez zituzten erabili pasabideak, oposizioko Giza Eskubideen Siriako Behatokiak emandako datuen arabera. «Baina orduan talde armatu matxinoek indartu egin dituzte pasabide horietako zaintza neurriak, herritarrek erabil zitzaten saihestuz», esplikatu du aipatu iturriak. Beraz, pasabideak zabalik daude erregimenak mendean duen aldean, baina itxita oposizioko indarrak nagusi diren lekuan.

Testuinguru horretan, herritarrek etxetik ez irtetea erabaki dute. Ez da harritzekoa, kalera irtetea oso arriskutsua baita. «Alepon ez da pasabide humanitariorik. Errusiarrek aipatzen dituzten pasabideei, alepotarrek ‘heriotzaren korridoreak’ esaten diete», adierazi dio France Presse berri agentziari Ahmad Ramadan erbestean bizi den alepotarrak.

Karim Bitar Nazioarteko Harreman Estrategikoen Institutuko analistak dio alepotarrak aukera izugarri baten aurrean daudela: «Gosez hiltzeko arriskua hartu, ala ihes egiten ari direla hiltzeko arriskua hartu».

John Kerry AEBetako Estatu idazkariak esan duenez, Moskuk bedeinkatutako ekimen humanitarioa «gezur hutsa» bada, bi herrialdeen arteko harremanak kaltetuko dira, eta abian jarri nahi duten elkarlana hankaz gora joango litzateke. Edonola ere, oraindik ados jartzeko aukerak ikusten ditu.