GARA
BILBO

Bermeoko arrantzale baten heriotza salatu dute ELAk eta LABek

Atzo bidalitako bina adierazpenetan, ELA eta LAB sindikatuek Bermeoko arrantzale baten heriotza gaitzetsi zuten. Sindikatuek adierazi zutenez, heriotza abuztuaren 2 eta 3 arteko gauean gertatu zen. F.J.R.B. 55 urteko marinelak, Bermeoko inguruetan arrantzan zebiltzala, bihotzekoa izan zuela eta laguntza ez zela denboraz iritsi azaldu dute bi sindikatuek.

LABek arrantza sektoreak bizi duen egoera salatu zuen: «Betidanik eskatzen ari gara arrantza sektorearentzako lan baldintza duinak; interes ekonomikoen gainetik, tostartekoen segurtasuna bermatu behar dela eta ordutegi irregularrak eta arrantzaleei tokatzen zaizkien atseden orduak bete behar direla». Horregatik, armadoreen elkarteari, baxurako kofradiei, EAEko Arrantza Sailari eta espainiar zein frantziar gobernuei arrantza «arduratsu eta iraunkorraren» alde egiteko eskatu zien LABek.

ELAk, bere aldetik, prekaritateak, sorospen baliabide faltak, azpikontratazioak, aldibaterakotasunak, lan erritmoek eta segurtasun neurrien faltak lan istripuetan «eragin zuzena» dutela adierazi zuen. Gainera, patronalak «immunitate osoz» eta administrazioak «pasibotasun osoz»&flexSpace;jokatzen dutela salatu zuen.

Bi sindikatuek oroitarazi zuten, azken honekin, jada 34 direla gutxienez aurten Euskal Herrian lantokian bizitza galdu duten langileak.

Kontzentrazioa

Lanean izandako azkenengo heriotza hau salatzeko, ELA, LAB, Steilas, EHNE, HIRU eta ESK sindikatuek elkarretaratze bat egingo dute datorren astelehenean, abuztuak 8, 11.30ean Bermeoko portuko sarreran.