Izaro IZU
DONOSTIA

Rion baino kirol espezialitate gehiago, Zurriolatik Zuatzura

Herri lasterketa gauez, errugbia eta boleibola hondartzan goiz-goizetik, txirrindulari eta irristalarien txanda eguerdian, goitibeherak bazkal ostean... Beste hiriburuetan sakrilegioa dirudiena normaltasun osoz txertatzen da Donostian, eta bertako Aste Nagusia Euskal Herriko festa kirolzaleena bilakatu da zalantzarik gabe. Atzoko eguna lekuko.

Harridura puntu batekin begiratzen zieten turistek jaietako lehen gauerdia pasata Kontxako pasealekua lasterka zeharkatzen zuten korrikalariei, batzuk mozorrotuta eta gehienak gaua argitzeko tresna koloretsuak eskuan hartuta. Bitxia bada ere festari horrela heltzea, sendotzen ari da ekimena Bera Bera klubaren eskutik. 400 inguru izan ziren Gaua Piztu lasterketan parte hartu zuten kirolzaleak, aurtengoan bigarren urtez egin dena.

Irabaztea baino, gorputza astintzea, etorriko diren gehiegikerietarako tokia egitea eta lagunartean ondo pasatzea da helburua. Horretarako lagungarri izan zen Bulebarreko helmugaren inguruan gora eta behera ibili zen Elektrotxaranga, bai eta espaloietatik iristen ziren biba eta txaloak ere. Gero, batzuk dutxara eta ohera –segur aski aurretik telebistaz Joko Olinpikoei errepasotxoa eginda–, eta beste batzuk dutxara eta kalera, gastatutako kaloriak berreskuratzera.

Gaua igarota, atzo ere izan zen ajea kirola eginez kentzeko aukera. Zurriolak Rio de Janeiroko gune olinpikoaren tankera zuen. Hondartzan, errugbi txapelketa, orain dela zazpi urte zendutako Iñaki Arana gaztearen omenez. Oraindik fin eta arin daudenak aritu ziren atzo eta gaur ez hain gazte diren horien txanda da. Ondoan, hondartzatik atera gabe, boleibola ere izan zen egun osoz.

Zurriolatik gertu-gertu, berriz, Saguesetik abiaturik, txirrindulariak eta irristalariak aritu ziren hamaiketatik aurrera, familia osoak kasu askotan, bai eta bigarrenez egin den ibilketa nordikoko ibiltariak ere.Ordurako Nautikoan urpean ibiltzea gustuko dutenak bilduta ziren. Eta eguerdian Maialen Chourrauten jarraitzaileak, Getaria eta Donostiaren arteko kayak lehia izan zen eta.

Motorzaleei dagokienez, goitibehera lasterketari ekin zioten arratsaldean, Zuatzun. Esandakoa, Riori zer irakatsi badu Donostia honek!

286 «ontzi», gaurkoan Donostia berriz abordatzeko prest

Heldu zaio eguna gero eta jende gehiago biltzen dituen Donostiako Piraten abordatzeari, eta aurten jaiegunez eta eguraldi beroarekin ospatuko dela kontuan harturik, abiapuntu den kaia, helmuga bilakatzen den Kontxako hondartza eta inguruak gainezka egongo direla erraz antzeman daiteke.

17.00etan da hitzordua, urtero legez, baina 8.00etatik mugimendu handia izango da kaian, ordu horretan hasiko baitira baltsak muntatzeko lanak. Txandak txukun-txukun banatu dituzte, garaiz joateko gomendioa berretsiz, eta zerrendan 286 “ontzi” ageri dira, pertsona bakar batekoetatik hemezortzi lagun garraiatu nahi dituztenetara bitarte.

Abordatzerako behar diren indarrak biltzeko, herri bazkaria egingo da aurretik, bertako eta garaiko produktuekin.

Dena ongi atera dadin, dozenaka boluntario ari dira antolaketa lanetan buru-belarri, musu truk guztiak. Boluntarioekin errespetuz jokatzeko eskaera egin diete Donostiako Piratek parte hartzaile guztiei.