GARA
BILBO

Hamarkada bat antzerki ikerkuntzaren bidetik

Bizkaian hamar aktore egonkor dituen antzerki ikerkuntza gune bakarra da Kabia eta hamar urteko ibilbidea bete du dagoeneko. Urteurrena ospatzeko «Euria esan eta euria erortzea» ikuskizuna taularatuko du bihartik astelehenera bitartean Bilboko Pabiloi 6n.

2006. urtean sortua, antzerki ikerkuntza gunea eta antzerki konpainia den Kabiak hamar urteko ibilbidea osatu du eta igarotako hamarkada hori ospatzeko, hamar kidez osatutako talde egonkor horrek “Euria esan eta euria erortzea” ikuskizuna taula gainera eramango du bihartik hasi eta astelehenera bitarte Bilboko Pabiloi 6n.

Etengabeko prestakuntza, arte eszenikoetako maisuekin harremana izatea, entrenamendua ikerkuntza gune bezala ulertzea, giza taldea hazitoki moduan antolatzea eta sorkuntza prozesu luzeak edukitzea izan dira, taldearen hitzetan, hamar urte hauetan lanean jarraitzeko izan dituzten pizgarri eta oinarri nagusiak. XX. mendeko laborategiak inspirazio iturri gisa hartuta, Kabiak aktore artearen gainean lanean dihardu, entrenamendutik sorkuntzara doan ibilbidean sakonduz.

Zigilu moduan, dramaturgia ez konbentzionala, ikuspegi poetikoa, aktoreen gorpuzkera eta zuzeneko kantua ezinbesteko osagaiak dira bere jardunean. Bide hori urratzeak hainbat sari jasotzera eraman du taldea. Estatuko Garnacha de Rioja XVIII. Antzerki Lehiaketan Muntaia Eszeniko Onenaren Saria “Gau arabiarra” lanagatik; euskal produkzio onenaren Ercilla Saria “Euria esan eta euria erortzea” lanagatik; 2010eko Larruz Errebelazio Saria; Cenit Antzerki Ikertzaile Berrien II. Lehiaketako Saria “Euria esan eta euria erortzea” lanagatik; eta 2011ko Max Sarietan Errebelazio Ikuskizun Onenaren sarietako finalista izatea izan dira Kabiak jaso dituen sarietako batzuk.

Horiez gain, urte honetan bertan, Publikoaren Saria jaso du Kabiak Pabiloi 6ko Antzerki Arinaren IV. edizioan “El arbol de Hiroshima” lanari esker.

Hamarkada batean bost ikuskizun sortu ditu taldeak: “Paisaje con argonautas” (2008), “Euria esan eta euria erortzea / Decir lluvia y que llueva” (2010), “Ubera gorriak / Rojo al agua” (2012), “Itzala” (2013) eta “Gau arabiarra / La noche arabe” (2015). Bilbon finkatuta dagoen antzerki taldearen lanak nazioarteko hainbat herrialdetan erakutsi dira azken urteetan. Hala nola Estatu espainolean eta frantsesean, Italian, Portugalen, Brasilen, Argentinan eta AEBetan erakutsi izan dituzten beraien sorkuntzak.

Bihartik hasi eta datorren astelehenera bitarte, 2010ean sortutako “Euria esan eta euria erortzea” lana berriro ere oholtza gainera eramango du Kabiak, haurtzaroaren eta heldutasunaren arteko gogoeta bat, denboraren igaroari begirada bereziarekin begiratzen diona.