GARA
DONOSTIA

«Tratos» antzezlana, Cervantesen Urteko programazioan

Donostia 2016k Zentro Dramatiko Nazional espainolarekin batera prestatu du Miguel de Cervantesen “El Trato de Argel” liburutik jaiotako antzezlana eta Cervantesen Urteko programazio ofizialak barne hartuko du emanaldia.

Elkarlanean sortutako obra eratorriaren bi estreinaldi egingo dira. Lehena irailaren 14an izango da Madrilgo Conde Duque kultur zentroan eta bigarrena Donostiako Tabakaleran urriaren 6an.

“El Trato de Argel” liburua antzezlan bilakatu du Zentro Dramatiko Nazionalaren zuzendari den Ernesto Caballerok. Berak moldatutako letrak oholtzaratuko dira Traspasos antzerki ekoiztetxearen laguntzarekin, eta pertsonaiak sei aktore ezagunek gorpuztuko dituzte: Chema Adeva, Carmen Gutierrez, Ione Irazabal, Astrid Jones, Primo Jose Meñan eta Elton Prince.

Miguel de Cervantesen heriotzaren laugarren mendeurrena ospatzeko, idazlearekin eta bere obrarekin lotutako hainbat ekintza babestuko ditu Cervantesen Urteak. Programazio ofizialeko ekitaldiak mundu osoan egingo dira.

Guztira 230 proiektu baino gehiagok osatzen duten programak hazten jarraituko du urte amaiera bitartean.