Andoni TOLOSA «MORAU»
Musikaria

Izen artistikoa

Izen artistiko egokia aukeratzea ez da modu arinean egiteko ariketa. Profesional talde baten urteetako hausnarketa egon daiteke, adibidez, hainbeste miresten ditugun izenen atzean. Dena dela, badira kontuan hartzeko moduko aholku batzuk.

Adibidez, kontuz hitz bat baino gehiago duten izenburuekin, batez ere bigarren hori adjektiboa bada. Bestela, txorimalo erratuak bezalako izenak sor daitezke. Beti funtzionatzen du, artista “bakarlaria” bada, behintzat, izen-abizenak erabiltzea. Ez duzu ezer arriskatzen, baina behin izena jartzen hasita, ez al du merezi zer edo zer freskoagoarekin saiatzea?

Bestalde, azkenaldian modan dago, euskaraz kantatu arren, izena ingelesez jartzea, «band», «crew», «company» edo «gang» bezalako batek kategoria gehituko digulakoan? Agian ulertzen ez dudan ironia apurra dago atzean, baina ni neu beste belaunaldi batekoa sentitzen naiz horrelakoak irakurtzen ditudanean. Beti dago, bestela, inspirazio kolpeari itxarotea, baina kontuz itxaroten duzuen bitartean inspirazioa bultzatzeko hartzen duzuenarekin, gure bizitza artistiko guztira luzatu daiteke ajea. Dena dela, gogoratu, ez dituzuela zertan izen bakarrarekin sinatu zuen ekintza musikal guztiak, zergatik ez duzu bada, izen bat baino gehiago, gogoaren arabera erabiliko? A, bueno eta ahaztu egin zait, baina hau guztia izen artistikotzat Morau aukeratu zuen batek dio... Zuek ikusi, jaramon egin ala ez.