J.L.
Entrevista
ARETZ IGIÑIZ
ERRUGBILARIA

«Baionan puntuak lortzea zaila izango zaiela erakutsi behar diegu aurkariei»

Top 14rako itzulerak ilusioa eta poza piztu du Baionan, eta Euskal Herri osoan, Aviron baita Euskal Herri osoko talderik onena. Guztien artean gozatzen ari dena Igiñiz da. Taldean dagoen lapurtar bakarrenetakoa da, eta min hartuta egon arren, une politak dira berarentzat.

Aretz Igiñiz Avironen ikurretako bat bihurtu da. Taldeko lapurtar bakarrenetakoa da, eta bai aldagela barruan eta bai kanpoan pisu handia hartu duen jokalaria da. Hala ere, Hendaiakoak Top 14ko itzulera harmailetatik ikusi beharko du, pasa den denboraldiaren amaieran min hartu baitzuen, eta zelaietara itzultzeko oraindik beste hilabete geratzen zaio. Dena dela, Aretz han izango da etzi Jean Dauguer estadioan, bere kideak animatzeko prest. 

 

Nola bizi duzue Top 14rako itzulera hau?

Ilusio handiarekin. Urte bat pasatu dugu Pro 2 Mailan, eta berriro ere onenen artean gara. Horixe nahi genuen denok, eta iritsi da berriro ere maila nagusian jokatzen hasteko garaia. Denok prest gaude.

 

Mailari eustea izango da Avironek aurtengorako jarri duen helburu nagusia?

Dudarik gabe. Top 14an berriak gara, eta guk hemen jarraitu nahi dugu. Badakigu nondik gatozen, eta zer egin behar dugun. Denboraldi erdirako mailan jarraitzea segurtatuta badugu, gero beste helburu batzuk jarriko ditugu, baina hori ez da erraza izango, eta Avironen helburu nagusia dagoen lekuan jarraitzea izango da, hori denok garbi daukagu.

 

Etxean abiatu arren, hasiera ez al da zaila?

Bai, oso zaila. Toulon talde handia eta boteretsua da. Iaz ez zitzaizkion gauzak ongi atera, eta ezin dute beste urte bat pasatu ezer irabazi gabe. Dena irabazteko egindako talde bat da, diru askorekin, baina gu etxean arituko gara, gure zelaian, gure zaleen aurrean, eta hori baliatu behar dugu.

 

Etxeko puntuek garrantzi handia izango dute mailan jarraitzeko, ezta?

Puntu guztiak izango dira garrantzitsuak, bai etxekoak eta bai kanpokoak, baina maila honetan berria den talde batentzat, etxeko partidak irabazteak garrantzi handia eta balio handia izango du. Horregatik oso garrantzitsua da Toulonen aurka irabaztea. Puntuak batzeaz gain, gainerako talde handiei ere hemen irabaztea oso zaila dela erakutsiko genieke, eta hori ere kontuan hartu behar da.

 

Moldatu al dira aurten etorri diren jokalari berriak?

Nik uste dut baietz. Aurten berri asko etorri dira taldera, eta beteranoen lana haiei egokitzen laguntzea da, baina uste dut ongi daudela. Taldean ongi ari dira lanean, eta hirira ere egokitu direla pentsatzen dut.

 

Nola bizi da Baionako zaleen artean Top 14ko itzulera hau?

Haiek ere ilusioz bizi dute. Iazko denboraldiaren amaieran bizitakoa ederra eta polita izan zen, eta horrek oraindik iraun egiten du. Etzi harmailak bete egingo dira, gogo handia dago berriro ere maila nagusiko partidak ikusteko, baina nik urte guztian horrela jarraitzeko eskatuko nieke. Emaitzak okerragoak ere izango dira, baina haien beharra daukagu denboraldi osoan, Euskal Herri osoko zaleak behar ditugu. Hego Euskal Herrikoak ere guretzat beharrezkoak dira. Asko etortzen dira, eta aurten ere behar ditugu, Aviron Euskal Herri osoko taldea baita, eta helburua denon artean lortuko dugu.

 

Noiz ikusiko dugu Aretz Igiñiz  berriro ere zelaietan?

Hilabete baten buruan prest izatea espero dut, eta jokatzen hastea. Denboraldi amaieran tendoi bat apurtu nuen, eta ebakuntza egin beharra zegoen, eta dena amaitu zenean egitea erabaki genuen. Hiru hilabeteko epea eman zidaten jokatzen hasteko, eta jadanik bi pasatu dira. Ariketa fisikoak egiten ditut, eta neure burua gero eta hobeto ikusten dut, eta gauzak doazen bezala, hilabeteren buruan berriro ere prest izango naizelakoan nago.