GARA
ETXARRI ARANATZ

Etxarri Aranatzeko manifestazioaren aurka oldartu da Guardia Zibila

Guardia Zibila oldartu egin zen atzo arratsaldean, ke-potoak jaurtiz, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak Etxarri Aranatzen eginiko mobilizazioaren aurka. Debekatuta zegoela argudiatu zuten; antolatzaileek, beren aldetik, auzitegietan jarritako helegitea oraindik erabaki gabe zegoela erantzun zuten.

Gaixorik diren espetxeratuak askatzearen alde bi preso ohi gose greba egiten ari dira herrian; atzo bete zituzten hain juxtu ere 20 egun. Aldarrikapen horri atxikia zen mobilizazioa.

Ehunka lagun batu ziren Etxarri Aranatzen. Errepideetan kontrol ugari jarri zituen Guardia Zibilak eta Bilbotik zetorren autobusa geldirik izan zuten, ordu erdiz edo. Ondoezik zen bidaiari bat anbulantzian eraman zuten erietxera.

Hori dela-eta, ordubete beranduago abiatu zen protesta. Bitartean, debekuaren berri eman zuen Guardia Zibilak, baina bultzatzaileek, biltzarrean bildurik, aurrera egiteko apustua berretsi zuten, ostegunetik bertatik jakinarazi zuten bezala.

Zortziak pasatxo zirela ekin zioten bideari, eta gose greban dauden presoak agurtu zituzten. Jende multzoa errepidera irten orduko, ke-potoak hasi zen botatzen Guardia Zibila eta manifestazioa sakabanatu egin zuen.

Gero, aurpegia estalia zuten hainbat lagunek zaborrontziak kalean gurutzatu eta uniformedunei botilak jaurtitzen aritu ziren. Herrian barrena ere ibili ziren guardia zibilak, mehatxuka.

Ke-poto horietariko batek soro batean su txiki bat piztu zuela salatu zuten auzokideek. Zenbait kazetariri Mozal Legea aplikatzeko abisua ere luzatu zieten guardia zibilek.

Manifestazioa bertan behera utzi ondorenean ere, Sakana aldeko errepideetan kontrolak paratu zituzten, Etxarri Aranatzetik irteten ari zirenak geldiaraziz. Herrian tentsioa baretu egin zen 21.30 aldera, guardia zibilak artean bertan izan arren. Plaza inguratuta zuten.

Mobilizazioaren debekua jakin bezain laster salatu zuen Sortuk, «mugimendu horren estrategiarekin bat egiten ez» duela gogoratzen zuen prentsa ohar baten bidez. Halaber, Eleak Libre Dinamikak gaitzetsi egin zuen Guardia Zibilaren jarrera.

Bezperan, Berriozarren atxilotu bat izan zen, manifestazio honetarako kartelak ipintzen ari zela. Bost orduz egon zen Guardia Zibilaren kuartelean eta gero aske utzi zuten, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak jakinarazi duenez.